10.000 lagun batu dira Baionan murgiltze ereduaren aldeko manifestazioan
2021-06-01
Ipar Euskal Herriko ikastetxe publiko, ikastola eta ikastetxe erlijiosoak murgiltze ereduaren alde manifestatu dira larunbat honetan Baionan, gizarte eta euskalgintzako eragile eta instituzioetako ordezkariekin batera. Historikoa izan da mobilizazioa, 10.000 lagun bildu bait dira. Eta badira arrazoiak, Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako ebazpenak kolokan jartzen bait du murgiltze eredua Ipar Euskal Herrian.
Sare publikoari dagokionean, 20 ikastetxek eskaintzen dute jada murgiltze eredua (100 ikastetxetan eskaintzen da eredu elebiduna). Datorren ikasturteko 3 eskola publikoek eskatzen dute murgiltzea ama-eskolan: bik Xiberuan (Idauze-Mendi eta Larraina) eta bat Baxe-Nafarroan (Ortzaize). Murgiltze eredua sare publikoan antikonstituzionala izaiteak eragin haundia izanen du, esperimentazio hauek geldiaraztea ekar bait lezake.
Frantziako eskualde guzietan jendea mobilizatu da hizkuntza gutxituak defendatzeko “Gure hizkuntzak bizi daitezen” kolektiboak bultzaturik, hizkuntza hauen transmisioa arriskuan bait dago ere Bretanian, Okzitanian, Kortsikan eta Alzazian.