17 ikastetxe publikok sukaldea egiteko eskari amankomuna egin diote Hezkuntza Sailari

2023-03-27

Gaur, Platerean jateko Nazioarteko eguna, prentsaurrean aurkeztu dugu 17 ikastetxek egin dioten eskari amankomuna Hezkuntza sailari sukaldea eraikitzeko beraien eskola eta institutuetan. Prentsaurrean parte hartu dute Eneko Viñuela eta Lurdes Imaz Gure platera gure aukera ekimeneko ordezkariak eta Orduña HLHI, Serantes HLHI (Santurtzi), Atxondo eta Zabalarra ikastetxetako ordezkariak, eskari amankomuna egin duten ikastetxeen izenean.

 

SUKALDEAK EAE-KO IKASTETXE PUBLIKOETAN

Gaur egun EAEko ikastetxe publikoen herenak besterik ez du sukaldea ikastetxean bertan. Gainontzekoetan, sukalde zentraletan sukaldatutako janari garraiatua jaten da.

Ikastetxeen eta Gure platera gure aukera bezalako mugimenduei esker, errealitatea aldatzen ari da azken urteetan. Hala 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Planaren jardun lerro estrategikoetako bat lekuan lekuko sukaldeak pixkanaka berreskuratzea da lehenengo aldiz, eta sei ikastetxeetan sukaldea eraikitzeko konpromisoa jasotzen du: Atxondo LHI, Murumendi LHI, Karmelo LHI, Zabalarra LHI, Juan Orobiogoitia LHI, Lantziego LHI eta Zaldibar LHI. Hala ere, horietatik bi eraiki dira soilik.

Bestalde, beste hainbat ikastetxek sukaldea egiteko eskaria egin diote Hezkuntza sailari eta beste batzuk egiteko konpromisoa hartu duen arren, pausoak motel doaz.

Hori dela-eta, berriro ekin diogu “Ikastetxerik ez sukalderik gabe” ekimenari, eta eskaria egin arren momentuz erantzunik ez daukaten ikastetxeen eskaera amankomuna egin diote Hezkuntza sailari.

 

IKASTETXEETAN SUKALDATZEAREN ABANTAILAK

Kalitatezko menuak, osasungarriak eta jasangarriak, Eusko Jaurlaritzak familia guztiei bermatu behar dien eskubidea dira. Hala eskatzen duten eskola guztiek, lehenengo urrats gisa, beren ikastetxea sukaldea izateko eskubidea izan behar dute.

Lekuan leku sukaldatzeak hainbat abantaila ditu, horien artean hauek:

  • Nabarmen murrizten du elikagaien xahuketa. Goizeko lehen orduan, eskolara joan diren ikasleak zenbatzen dira, eta, horrela, menuak birkalkula daitezke. Garraiatutako menuarekin ez da birkalkulatzen, eta, beraz, xahuketa oso handia izan daiteke bertaratze-falta asko dauden egunetan.

 

  • Menuak zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago egiten
    direla ziurtatzen du.
    Menuak goizean hasten dira prestatzen, eta handik gutxira zerbitzatzen dira, zapore eta nutrizio-balio guztia mantenduz. Garraiatutako menuen kasuan, zerbitzatu baino ordu asko lehenago prestatzen dira, dozenaka kilometro garraiatzen dira, eta erretilu batzuetan bero mantentzen dira, kalitatea nabarmen galduz.

 

  • Menuak elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egitea errazten du. Lekuan lekuko sukaldeek menu kopurua mahaikideei egokitzen diete, eta, horrela, lehengaiak kalitatezkoak eta freskoak direla ziurta daiteke. Garraiatutako menuetan, ehunka edo milaka menu prestatzen dira sukalde industrial bakar batean, menu horiek kalitatezko lehengaiekin egiteko aukerak nabarmen murriztuz.

 

  • Tresna pedagogikoa izan daiteke. Elikadura-pedagogia oinarrizko balioa da. Balio asko ikasteko, sukaldaritza hezkuntza-gunea izan daiteke. Garraiatutako menuen sistemarekin, menuak “erretilu anonimoetan iristen diren janari” bihurtzen dira.

 

  • Familiek hobeto baloratzen dute menuen kalitatea. Datu eta inkesta guztien arabera, lekuan lekuko sukaldea duten eskoletako familiek hobeto baloratzen dituzte menuak beren zentroetan garraiatutako menuak baino.

 

ESKARI AMANKOMUNA EGIN DUTEN IKASTETXEEN ZERRENDA

  • Orduña HLHI
  • Gorbeia HLHI
  • Zaragueta HLHI
  • Juan Manuel Sanchez Marcos HLHI
  • Jose Etxegarai HLHI
  • Urretxindorra HLHI
  • Iturzaeta HLHI
  • Arrigorriaga HLHI
  • Muskiz ikastola
  • Serantes HLHI
  • Salburua HLHI
  • Larrea HLHI
  • Joxe Miel Barandiaran LHI
  • Altzo HLHI
  • Atxondo HLHI
  • Zabalarra HLHI
  • Traña-Matiena HLHI