50/50 programak Oarsoaldeko bost eskola publiko saritu ditu
2024-10-23
Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak finantzatutako 50/50 proiektuak Oarsoaldeko bost ikastetxe publiko saritu ditu, energia-eraginkortasuna sustatzeko egindako lan nabarmenagatik. Karmengo Ama Herri Eskola, Elizalde Herri Eskola, Lezo Herri Eskola, Cristobal Gamon Ikastetxea eta Bizarain Ikastola izan dira sarituak, jasangarritasunarekin eta energia kontsumoaren murrizketarekin konpromiso sendoa erakutsi dutenak.
Programa honen metodologia kontsumo eta ekonomia adierazleetan, kontsumoen denbora-errealeko monitorizazioan eta hezkuntza-komunitate osoa inplikatzeko pizgarrietan oinarritzen da. Energia aurrezteko pizgarri ekonomikoak bi zatitan banatzen dira: aurrezkiaren % 50 hezkuntza-komunitateari ematen zaio, sari gisa. Gainerako % 50a aurrezpen garbia da, eskolako instalazioen eraginkortasuna hobetzera bideratua, horrela aurrezki berriak sortuz.
Aurten, Oarsoaldeko ikastetxeetan inplementatutako ekintzen ondorioz, eskualdeko udalek 35.000 euro inguru aurreztu zituzten, eta ikastetxe bakoitzarentzako sariak honako hauek izan ziren: Pasaiako Karmengo Ama Herri Eskolak 1.457,38 euro jaso zituen; Errenteriako Bizarain Ikastolak 5.620,45 euro; Lezo Herri Eskolak 4.000 euro; Oiartzungo Elizalde Herri Eskolak 2.406,49 euro; eta Errenteriako Cristobal Gamon Ikastetxeak 3.506,08 euro.
Hala ere, lorpen ekonomikoez eta CO2 emisioen murrizketaz gain, proiektu honen gauzarik baliotsuena, baliabideak modu arduratsuan erabiltzeko betebeharra lehenbailehen ulertzea eskatzen duen mundu honetan, eskaintzen duen esperientzia pedagogikoa da.