50. urteurreneko ospakizunei ekiteko prest dira Xabier Munibe ikastolan
2023-03-02
Pandemia dela eta, hiru urte atzeratu behar izan dute Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolaren 50. urteurrena. Proiektuarekin jarraituz, aurten hainbat ekitaldi egingo dituzte mende erdi hori ospatzeko. Hala adierazi zuen Xabier Barquerok, ikastolako ikasle ohia eta 50. urteurreneko ospakizunen koordinatzailea, IGEko kideak eta irakasleak bertan zirela.
Ospakizuneko koordinatzaileak ezagutzera eman zituen urteurrenean zehaztu diren proiektuetako batzuk. Hasteko, ikastolako “hainbat pertsonaia esanguratsuri” egindako elkarrizketak Maxixatzen.eus-en jarriko dituzte ikusgai. Martxoaren 14tik 27ra, argazki erakusketa jarriko dute Portaleburu aretoan, ikastolaren 50 urteotan ateratako argazkiak bilduta. Martxoaren 14an, zozketa bati hasiera ere emango diote. Xabier Munibeko gaurko eta lehengo komunitatearen parte diren herritarrek jasotako gauzak bilduko dituzte eta, gero, bildutakoak hainbat sortatan banatu eta zozketatu egingo dituzte.
Eta “egun handia” maiatzaren 13a izango da. Haurrentzako puzgarriak jarri eta jolasak antolatuko dituzte herrian barrena. Trikipoteoa egingo dute eta, 22:00etan, ekitaldi nagusia egingo dute plazan. “Musikaz, dantzaz eta kolorez betetako ekitaldia” izango dela aurreratu zuen Barquerok, eta “hainbat diziplinaren bitartez, Xabier Munibe ikastolaren sorrera eta bilakaera” azalduko dute.