84 guraso-elkartek jarduera fisikoa sustatzeko diru-laguntzak eskatu dituzte eta 22ri baino ez diete eman

2021-02-11

Joan den 2020ko urriaren 1ean argitaratu zuen EHAAk Osasuneko Sailburuaren irailaren 22ko Agindua, zeinaren bidez 2020/2021 ikasturtean EAEko ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko dirulaguntza deialdia egiten zen gurasoen elkarteentzako.

Horrelako jardueren garrantziaz jabetuta, EHIGE Konfederazioak eta haren federazioek eskaera horiek egitera animatu genituen guraso-elkarteak, hiru jarduera-mota hauek kontuan hartuta:

  1. Eskola-bideak sortzea eta dinamizatzea, hau da, ikastetxera modu aktiboan (oinez, monopatinean, bizikletaz, etab.) modu seguru eta autonomoan joatea sustatzea.
  2. Patioak berdintasun-harremanen eraikuntzan oinarritutako espazio inklusibo bihurtzeko eta dinamizatzeko proiektuak garatzea.
  3. Familia arteko jarduera erregular fisikoa sustatzea.

Hortik aurrera, guraso-elkarteak beren ikastetxeetako zuzendaritzekin koordinatuta hasi ziren lanean. Egin nahi zituzten jarduerak garatzeko aurrekontuak eta enpresak bilatuz egin zituzten, eta deialdiak eskatzen dituen hamaika baldintza bete zituzten, hori guztia eskola-eremuko eguneroko bizitzan sedentarismoa murrizteko helburuarekin.

2021eko otsailaren 1ean, astelehenean, deialdi horren ebazpena argitaratu zen EHAAn (2021eko urtarrilaren 4ko Ebazpena). Ebazpen horretan ikusten denez, diru-laguntza eskatu duten 84 guraso-elkarteetatik 22ri baino ez zaie eman, aurrekontuko diru-hornidura agortu delako azalpen bakarrarekin.

Alde batera utzita osasunaren sustapena erakundeek bermatu beharko luketela, eta ez guraso-elkarteek, eta osasun-krisiaren egoerak haurren sedentarismoa areagotu duela jakinda, nola liteke herritarrak kontzientziatuta daudenean eta haurren osasuna hobetzeko lan egiteko prest daudenean erakundeek ez laguntzea?

EHIGEk deialdi honen aurrekontuko diru-hornidura handitzea eskatu dio Hezkuntza sailari. Hala egitea espero dugu.