Hezkuntza publikoa/kontzertatuaz aritu gara Radio Euskadin
2019-11-22
Radio Euskadiko “Boulevard” saioan parte hartu dugu gaur, irakaskuntza publikoa/pribatuari buruzko eztabaidan. Hauek esan ditugu, besteak beste:
- Gaur egungo kontestuan, non jaiotzen beherakada izugarria emango den (%21 2036 bitartean), segregazioa sortu eta gizartearen kohesioa zailtzen duen merkatu antzeko sistema batekin, izan beharko genituzkeen emaitzak baino txarragoak ditugunean (maila sozioekonomiko txikia duten ikasleen emaitza txarrak, bikaintasun falta maila altua dutenen artean), bada garaia gure hezkuntza sistema dual erradikalizatua zalantzan jartzeko.
- Ez dugu zalantzan jartzen familien aukera, bai ordea zer finantziatu behar den eta zer ez.
- Ikastetxe kontzertatuak finantziatuko dira gizartearen kohesioari laguntzen dioten neurrian.
- Eskola publikoa izan behar da euskal hezkuntza sistemaren ardatza. Publikoa guztiona da: titularitate publikoa, langile publikoak eta antolaketa publikoa.
- Eskola publikoaren finantzazioa hobetu behar da, euskal gizartearen beharrei modu egokian erantzuteko.
- Benetako beharra ez da egungo sistema gainegitura gisa baliozkotuko duen Lege bat presaka argitaratzea. Aitzitik, beharrezko denbora hartu behar da, parte-hartzearen eta eztabaidaren bidez herri honetan benetan nahi dugun hezkuntzaren inguruko adostasuna lortzeko.