Eskola txiki berria Barrundian

2020-01-28

Urteetako lanaren ostean, Barrundiak eskola txikiko ateak zabalduko ditu 2020/2021 ikasturtean, eta Lautadako udalerri honetako umeek bertan ikasteko aukera izango dute. Irekita dagoen aurre matrikula egiteko prozesuan izena emateko aukera izango dute beraz. Haur eta Lehen Hezkuntzako bi gela izango ditu eta jantokia zein garraioa eskainiko du. Horretarako Barrundiako Udalak Ekinbide eraikina egokitu behar izan du.

Barrundiak 880 bizilagun inguru ditu; horietatik 2 eta 12 urte bitarteko 85 ume daude. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietako hiru urtetik gorako haurrak beste udalerrietara joan behar dira egunero ikastera. Hiru urtetik beherakoek, ordea, Haur Eskola dute Ozetan.

Bertako gurasoek Etxeako elkartea sortu eta Ozetan eskola txiki bat zabaltzeko lanean izan dira azken urteetan. Lan horrek bilatutako emaitza lortu du.