Abendaño Ikastolaren “Zure pausoak, guztion bideak” ekimena
2020-06-24
Gasteizko Abendaño Ikastolak “Zure pausuak, guztion bideak” ekimena martxan jarri du. Krisi garai honetan Hezkuntzan bizitzen ari den ziurgabetasuna dela eta, familiek sentitutako beharrak azaltzea eta partekatzea da ekimenaren helburua, baita EHIGEk adierazitako neurriei babes osoa ematea ere.
Hau ikusarazteko Abendaño Ikastolako burdinazko hesiak oinen irudiez betetzeko ekintza jarri dute martxan. Horretarako mota, kolore eta neurri guztietako oinak sortzera deitu dute, haur eta familia bakoitza bakarra eta anitza den bezalaxe.
“Moztu zure oinaren silueta, margotu, apaindu eta zintzilikatu Abendaño Ikastolako (Handian-LH) hesiaren gainean!” (Mexico Kalea, 9, 01009 Gasteiz, Araba) ekainaren 19tik 28ra.
“Oinak gorputzaren sostengua sinbolizatzen du, ibiltzen laguntzen digu, aldaketaz betetako ibilbide honetan aurrera egiten. Neguan estalita izan ditugu gure oinak, gordeta, itxialdi honetan bezala, eta orain argitara itzuli da, baina zaintza batzuk behar ditu. Bide luze eta maldatsua datorkigu, horregatik zure oina behar dugu aurrera egiteko!”.
Ekimenak zabaltzeko deia egin dute #zurepausoakguztionbideak traola erabiliz.