Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazioa egingo dute urriaren 10ean Baionan
2020-09-10
Euskal Konfederazioak eta euskarazko irakaskuntzaren alde lanean ari diren hezkuntza eragile nagusiek, euskarazko irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian jasotzen dituen erasoak salatzeko prentsaurrekoa egin dute gaur. Urriaren 10ean mobilizatzera deitu dute hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren beste 30 eragilerekin batera. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baionan izango da mobilizazioa: giza katea eginen dute 11:00etan.
Bi kasu nagusi aipatu dituzte euskarazko irakaskuntza jasaten ari den erasoak aipatzeko. Batetik, Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskolako «murgiltze» esperimentazio proiektua baztertu izana salatu dute. «Ez dugu onartzen, eta ez dugu onartuko», adierazi du Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko koordinatzaileak.
Bestetik, salatu dute aurten prestakuntzatik atera diren euskarazko hamabost irakasleetatik 11 frantsesez irakasteko postuetan izendatuak izan direla. Euskalgintzako eragileen hitzetan, bi erabaki horiek «argiki urratzen dute» ikasleek euskaraz ikasteko eta irakasleek euskaraz irakasteko duten eskubidea.