Debako Udalak eta ikastetxeek indarrak batu dituzte herrian plastikoaren erabilera murrizteko
2020-10-16
Debako Udalak, Luzaro eta Mendata ikastetxeetako ikasleekin eta Debalai herriko merkatari eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, oihalezko 4.200 poltsa banatuko ditu plastikoaren erabilera murrizteko helburuarekin.
Poltsak Luzaroko LHIko ikasleei eta Mendatako ikasle guztiei banatuko zaizkie. Herritarrek Debalairen parte bat osatzen duten denden bidez eskuratu ahal izango dituzte. Janari-dendetan eta bestelako establezimenduetan poltsa urdinak, handiak eta gogorrak banatuko dira. Arropa, zapatak eta bestelakoak saltzen dituzten dendetan, kotoizko poltsa zuriak banatuko dira, han saltzen diren produktuetarako egokiagoak. Hirugarren adinakoentzako zerbitzuetan ere banatuko dira. Itziarren, dendetan banatuko dira. Guztira 4.200 poltsa banatuko dira, hauetatik 3.500 poltsa urdin eta 700 poltsa zuri.
Kanpainaren jatorria 2018ko Eskolako Agenda 21ean kokatzen da, non ikasleek Udalari plastikoaren murrizketa sustatzeko jardueraren bat egiteko eskatu zioten. Lekukoa hartuta, Udalak ikastetxeen laguntzarekin oihalezko poltsak banatzeko kanpaina jarri zuen abian. Luzaroko lehen hezkuntzako ikasleek marrazkia egitea eta Mendatakoak lema egitea erabaki zen.
Marrazki guztien artean, Luzaroko irakasleek aukeraketa bat egin zuten ikasleek bat aukera zezaten. Sara Arrizabalagak egindako marrazkia izan zen boto gehien jaso zituena. Arrizabalagak kanpainaren logoa marraztu zuen, itsasoko arrainak eta bertan pilatzen diren plastikoak kontuan hartuta.
Marrazkian oinarrituta, Mendatako ikasleek, lan-taldetan banatuta, hainbat lelo asmatu zituzten eta aukeraketa prozesu baten bidez, 4.C taldea irabazleizan zen. Kanpainaren leloa “Gure kutsadura gure ardura” izanik.