HEIZEk IX. Jardunaldi Pedagogikoak egingo ditu maiatzaren 6an
2021-04-21
HEIZEk “Euskal Eskola Publikoa haratago begira” IX. Jardunaldi Pedagogikoak egingo ditu maiatzaren 6an. Bizi dugun egoera dela eta, jardunaldiak online egingo dira eta streaming bidez jarraitu beharko dira. Jardunaldietan hitzaldiak eta eztabaidak egongo dira eta talde lanerako, ideiak elkar jartzeko eta hausnarketa konpartiturako aukera egongo da.
Izena ematea ezinbestekoa izango da eta familien parte-hartzea errazteko, arratsaldeko saioa familiei zuzenduta egongo da. Arratsaldea goizeko eztabaiden laburpen batekin hasiko da. Ondoren, “Otra educación es posible” hitzaldia eskainiko du Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar behatokiak. Amaitzeko, eztabaida irekia izango da.
“Beste hezkuntza bat posible da” hitzaldia galdera hauei erantzuten saiatuko da:
- Zeintzuk dira EAEko hezkuntza-sistemaren erronkak?
- Zergatik eragiten ditu desberdintasunak hezkuntza-sistema dual publiko-pribatuak?
- Zein da hezkuntza-sistema kohesionatuago bat berma dezakeen ikastetxearen aukera askearen alternatiba?
- Nola eragin diote eskola publikoari 1992ko Eskola Itunak eta 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak, eta zein dira atera ditzakegun ikaskuntzak?
Adituen hitzaldiak
Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar behatokiaren “Beste hezkuntza bat ahal da” ponentziak emango die hasiera jardunaldiei. Ondoren, Lucas Gortazar hezkuntzan aditua, Carlos Angulo (Gasteizko udal-kontseilua), Aina Tarabini (UAB) eta Daniel Innerarity arituko dira.
Carlos Angulo, Gasteizko Udaleko teknikaria, galdera hauei erantzuten saiatuko da: zer eginkizun bete behar dute udalerriek ikaskuntza ez-formaleko eta informaleko jarduerak antolatzen laguntzeko, ikasle guztiek eskolatik kanpo ikasten jarrai dezaketela bermatzeko? Era berean, herritarrak sentsibilizatzeko proposamenak egingo ditu, interes kolektiboak partikularren aurretik jartzeko.
Lucas Gortazar, hezkuntza eta gizarte politiken arloan aditua, euskal hezkuntza sistemaren indargune eta ahuleziez arituko da, kanpo ebaluazioen eta beste aldagai batzuen emaitzetatik abiatuta. Galdera honi ere erantzuten saiatuko da: txosten eta ebaluazio horiek guztiek zer eginkizun dute hezkuntzaren hobekuntzan? Azkenik, honako galdera hauei ere erantzungo die: zer hezkuntza-erronka dituzte planteatuta Europako hezkuntza-sistemek (besteak beste, gurea) gizarte-erronkak lortzen laguntzeko eta gizarte-eraldaketan laguntzeko?
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan soziologian doktore den Aina Tarabinik honako gai hauek jorratuko ditu: gizarteratzea eta laneratzea, zaurgarritasuna eta eskola-arrakasta, eta ekitatearen arriskuak, besteak beste, hezkuntza-sistema batek inor atzean ez uzteko printzipio eta gakoez arituko da.
Daniel Innerarity filosofia politikoko katedraduna, Ikerbasque ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatean, Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria eta Florentziako Europako Institutuko irakaslea da. Ezagutzaz baino gehiago, ezjakintasunaren gizartea dela dirudien gizarte batean hezteak zer esan nahi duen azalduko du. Kontzeptu hauek aztertuko dira: erreflexibitatea, ziurgabetasuna, ahanztura, interpretazioa, sormena, autonomia, zehaztasunik eza, gaitasunik eza eta erabilgarritasunik eza.
Deskargatu jardunaldien egitaraua PDF formatuan.
Ikusi hemen hizlarien informazioa.
Informazio gehiago hemen.