Alde Zaharra eta Atxuriko eskola-komunitateen mobilizazioa hobekuntzak eskatzeko
2021-05-14
Alde Zaharreko eta Atxuriko ikastetxeetako guraso elkarteak, eragileak eta auzo elkarteekin batera, Solokoetxeko eskaileretan bildu dira auzo horietako eskola eta ikastetxe publikoen “gabeziak” salatzeko.
“Seme-alabentzako kalitatezko etorkizuna” aldarrikatu dute, “desberdintasun sozialak murrizteko”. Horretarako, ikastetxeetan inbertzioak handitzea eta Lakuako Hezkuntza Sailak eta Bilboko Udalak “beren erantzukizunak beren gain hartzea” eskatu dute. Hau ez da lehen aldarrikapen ekitaldia izan, azaroan giza katea egin baitzuten.
Aldarrikapenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
– Barruko eta kanpoko espazio “zabalak eta duinak, haurren garapen osasungarria bermatzeko”.
– Espazio publikoen erabilera eta ingurune naturalarekiko kontaktua erraztea.
– Azpiegiturak eguneratzea eta egungo beharretara egokitzea.
– Eskola bide seguruak.
– 0-2 urterako kalitatezko hezkuntzako zerbitzu publikoa.
– Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako institutu berria, “ikasle guztientzako lekua bermatuko duena, eta beren hautu akademikoari erantzungo diona”.
Maiatzaren 11n, asteartean, Mujika eta Atxuriko eskolek eta Solokoetxeko institutuak agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarrean, ikastetxeen egiturazko hobekuntzak eskatzeko eta Administrazioaren inplikazio handiagoa eskatzeko.