Ikastetxerik ez sukalderik gabe!
2021-05-17
Sukaldea ikastetxe guztien ezinbesteko azpiegitura izan beharko litzateke, frogatuta baitago katerin-sistema baino elikadura-kalitate hobea eskaintzen duela, jasangarriagoa dela eta, gainera, hezkuntza-tresna bat dela, ikasleei elikadura-ohitura osasungarriak ez ezik, curriculumean ezarritako gaitasunak ere lortzen laguntzen dieten proiektuak garatzeko aukera ematen diena.
Eskolan sukaldea izatea garrantzitsua bada ere, EAEko ikastetxe publikoen % 30ek baino ez du azpiegitura hori. Eta hori horrela da urte askotan zehar Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman diolako katerin zerbitzuari sukaldeen aurretik.
Hala ere, errealitate hori pixkanaka aldatzen ari da, eta Hezkuntza Sailak berak onartzen du, 2019-2013 aldirako Azpiegitura Planean, “azken urteetan gero eta sentsibilitate handiagoa dagoela ikastetxeek janaria in situ prestatzeko behar diren instalazioak izatearen alde”.
Plan horrek zazpi sukalde eraikitzea jasotzen du beste hainbat ikastetxetan: Atxondo HLHI, Murumendi HLHLI (Beasain), Karmelo ikastola IPI (Bilbo), Zabalarra HLHI (Durango), Juan Orobiogoitia BHI (Iurreta), Lantziego HLHI, Zaldibar HLHI. Gainera, Eusko Legebiltzarraren bidez jakin dugu Traña-Matienan (Abadiño), Berriatuan, Urkitzan (Bakio), Urkipen (Itsasondo), Lemoizen eta Zeanurin ere eraikiko dituztela sukaldeak.
Zerrenda hori handitzen joan dadin, zuen zentroan sukaldea eskatzera animatzen zaituztegu. Ikastetxe publikoen kanalik egokiena OOGa da eta, ikasturteko azken hiruhilekoko bilerekin batera, eskaera zuen ikastetxera eramatea proposatzen dizuegu. Horretarako, dokumentu bat prestatu dugu, zuentzat baliagarria izan daitekeelakoan.
Ikusi dokumentua:
– OOGetan adosteko eredua.