Aurten ez da ospatuko Euskal Eskola Publikoaren Jaia
2021-05-18
Duela 27 urtetatik helburu nagusi eta garrantzitsu bat du Euskal Eskola Publikoaren Jaiak: eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzea jai-giroan. Horretarako, eskola publikoaren alde egiten dugun milaka familia eta hezkuntza-komunitateetako gainontzeko kideak biltzen gara ekaineko aurreneko igandean.
Tamalez, 2021 honetan ere ezingo dugu ospatu jai aldarrikatzaile hau. Bizi dugun egoerak arduraz jokatzea eskatzen digu eta hori ez da bateragarria milaka lagun elkartzearekin.
Pandemia hasi zenetik Euskal Eskola Publikoko familien eta hezkuntza komunitatearen jarrera eredugarria izan da. Horregatik, eskola publikoaren hezkuntza-komunitate zabala osatzen dugunontzat hain zaila izan den ikasturte honi ez diogu emango nahiko genukeen bukaera.
Baina hilabete hauetan zehar eskola publikoaren haziak gora egiten jarraituko du eta merezitako deskantsuaren ondoren gogoz ekingo diogu datorren ikasturteari. Proiektu berriekin bueltatuko gara eta lanari ekingo diogu 2022ko ekainean Bastida eta Arabako Errioxatik Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzeko asmoz.
Bitartean, zaindu zaitezte eta hazitik gora!