Murgiltze ereduaren aldeko manifestazioa larunbatean Baionan

2021-05-28

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek eta instituzioek murgiltze ereduaren aldeko manifestazioa deitu dute larunbat honetan, maiatzaren 29an, Baionan. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako ebazpena salatzea da manifestazioaren helburua.

Ebazpena «euskararen eta euskaldunen aurkako eraso bat» dela adierazi dute, eta horri «kolektiboki» erantzuteko beharra azpimarratu. Euskarak eta gainerako hizkuntza gutxituek beren iraupena bermatzeko «estatus juridiko berezi bat» behar dutela ere nabarmendu dute.

Horretaz gain, sinatzaileek defendatu dute murgiltze eredua «arrakastatsua» dela: «Bi hizkuntzak, frantsesa eta tokikoa, transmititzeko, eta hiztun elebidun orekatu eta eleaniztasunerako gai direnak ekoizteko eraginkortasuna frogatu du».