Kontseiluak hizkuntza politika berrirako adostasuna irudikatuko du ekainaren 19an
2021-05-14
Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntza-politiketan Eragiteko Adostasun Soziala izeneko dokumentua landu du euskalgintzako hainbat eragilerekin batera, eta ekainaren 19an aurkezpen publikoa egingo du Donostiako Kursaal jauregian. Ekitaldiaren helburua «hizkuntza politika berrirako bide orria» proposatzea izango da.
Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, adierazi duenez «sektore oso desberdinetako eragileekin aurkezten ari gara ekainaren 19ko ekitaldia, askotariko eragileekin egindako lanaren emaitza delako, eta horixe erakutsiko dugulako».
«Hizkuntza- politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu zela esan genuen eta horri begira, eragile anitzekin prozesua zabalduko genuela aurreratu genuen. Azken bost hilabetetan buru-belarri jardun dugu horretan, eta pozik gaude izandako harrerarekin» adierazi du Bilbaok.
Orotara ehundik gora ekarpen jaso ditu jatorrizko dokumentuak. “Abokatuak, pediatrak, sendagileak, kirol-taldeak, sindikatuak, enpresak, mundu kooperatiboa, erizainak, gazte-erakundeak, elkarte feministak, LGTBI aktibistak, zientzialariak, laborariak, hezitzaileak, euskalgintza bere osotasunean… horien guztien adostasuna irudikatuko dugu ekainaren 19an» adierazi du Bilbaok.
Ekitaldi irekia
Bilbaok ekainaren 19ko ekitaldiaren garrantziaz ohartu du: «Zinez uste dugu batuz, jauzia emango dugula; batuz, gauzak aldatuko ditugula, eta lehen jauzia Kursaalen egingo du».
Ekitaldia irekia izango da, baina segurtasun-neurriak bermatzeko, izena eman beharko da Kontseiluaren webgunean (www.kontseilua.eus) edota gonbidapenak@kontseilua.eus helbidera mezua igorriz.