2022an Hezkuntza Hitzarmen zabal bat adosteko helburua azaldu zuen EAEko Hezkuntza sailburuak ikasturte honen hasieran.
Momentuz, hitzarmen hau adosteko bide politikoa baino ez dago martxan. Izan ere, urriaren 14ean ponentzia bat egitea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak, “etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmen zabal bat lortzeko oinarriak zehaztu ahal izateko”. Adituek, gizarte-eragileek eta Administrazioko eragileek parte hartu dute bertan.
EHIGEren ponentzia Eusko Legebiltzarrean
Abenduaren 15ean Arkaitz Aburto EHIGEko presidenteak eta Lurdes Imaz koordinatzaileak Legebiltzarreko batzordean akordio horren oinarriak zehazteko egiten ari diren aurkezpenetan parte hartu dute. Batzorde honetan txosten bat aurkeztu dugu, gure ustez euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako onartu eta garatu behar diren oinarriekin. Hemen ikus dezakezue ponentziaren bideoa, aurkezpenean erabili genuen powerpointa eta txosten osoa. Albistea irakurtzeko aukera ere daukazue.
Martxoaren 4an, XXI. mendeko hezkuntzarako oinarrien zirriborroaren gure balorazio kritikoa aurkeztu genuen, Legebiltzarreko ponentziaren presidenteak egindako lehen dokumentua. Dokumentuaren balioespen sakon hori ideia hauetan oinarritzen da:
- Dokumentuak ez du kontuan hartu EHIGEk egindako ekarpen bat bera ere.
- Ez du egungo egoeraren diagnostikorik, gure hezkuntza-sistemak dituen arazoak eta erronkak identifika ditzakeenik.
- Finantzaketari dagokionez, sare publikoa eta pribatua berdintzen ditu.
- Ez du eskola publikoan oinarritutako hezkuntza-sistema sortzearen aldeko apusturik egiten.
2021-2022ko prentsa-artikuluak
- Lurdes Imaz: “Segregazioa sortzeaz gain, eredu duala garestia da” (Goiena, 2021-11-12)
- Lurdes Imaz: “Gizarteak behar duen eskola publikoa hobetzen jarraitzeko abagunea” (BERRIA 2021-10-31)
Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar
HEIZE eta EHIGE elkarteek urtean daramatzagu elkarlanean Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar ekimenaren baitan. Hauxe da ekimen honen helburua: XXI. mendeak egun jartzen dizkigun eta epe ertainera jarriko dizkigun hezkuntza-erronkei eraginkor erantzuteko nolako eskola publikoa behar dugun hausnartzea eta eskola eredu horren eredua zehaztea. Elkarlan honen fruitu dira hezkuntza sistemarako egin ditugun ekarpen hauek:
- Euskal Herrirako Curriculuma (2009): oinarrizko hezkuntzarako curriculuma eztabaidatzen ari zen prozesuan egindako ekarpena.
- Euskal Eskola Publikoa haratago (2010): funtsezko erreferentzia izan nahi duen dokumentua euskal hezkuntzako plan, eztabaida eta proiektu oro eztabaidatzeko prozesuan.
- Hezkuntza-Akordioari eta Euskal Hezkuntza Legeari buruzko ekarpenak (2019): Hezkuntza Akordioa egiteko azken prozesuari egindako ekarpenak.