Hezkuntza-akordioak sistema duala betikotzearen aldeko apustua egiten du eskola publikoan oinarritutako hezkuntza-sistema eraiki beharrean

2022-02-09

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko presidenteak atzo eman zien alderdi politikoei euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunari buruzko akordioaren oinarriak zehazteko txostenaren lehen zirriborroa. Hezkuntza-eragile gisa txosten horretan parte hartu dugunez, dagozkion ekarpenak egingo ditugu, horrek eskatzen duen zorroztasunarekin. Hala ere, ez dugu aukera alferrik galdu nahi “XXI. mendeko hezkuntzarako oinarriak” izeneko dokumentu honen lehen balorazioa egiteko.

Hasteko, dokumentuak argi uzten du egungo sistema dual publiko-pribatua betikotzeko presa dagoela, hezkuntza-sistema publikoa eraikitzearen alde egin beharrean, Europako herrialde gehienen antzera. Legebiltzarreko ponentzian parte hartu dugun eragileok 10 egun besterik ez ditugu 30 urte irauteko asmoa duen itun politikoari ekarpenak egiteko.

EHIGE hezkuntza-sare publikoa eta sare pribatua parekatzen dituen Hezkuntza Zerbitzu baten aurka dago erabat, dokumentu horrek proposatzen duen bezala. Gogoratu behar da gaur egungo sistema dual publiko/pribatu hori porrotaren eredu dela, Hezkuntza Sailak egiten dituen diagnostiko-ebaluazioek erakusten duten bezala, eta eskola-segregazioaren kausa nagusia dela.

Dokumentuak, eskola-segregazioaren arazoaz hausnartu eta horri heldu beharrean, sistema duala indartzea proposatzen du, sare pribatuaren finantzaketa hobetuz. Urte hauetan guztietan gizarte-kohesioarekin inolako konpromisorik izan ez duten itunpeko ikastetxeen finantzaketa berrikusi beharrean, handitzea eta titulartasun publikoko zentroak eta titulartasun pribatuko zentroak maila berean finantzatzea proposatu du.

Gainera, ez du inolako konpromisorik hartzen eskola publikoa indartzeko, hala nola bere eskaintza hobetzeko edo nahi duten ikastetxe pribatuen publikotasuna ahalbidetuko duen arau-esparrua garatzeko.

Azkenik, ez dugu ikusten hizkuntza-ereduak gainditzeko eta murgiltze-eredu bat garatzeko konpromisorik, irakaskuntza publikoko hezkuntza-eragileok eskatzen dugun bezala.

Azken batean, euskal hezkuntza-akordioaren oinarri horiek arriskuan jartzen dute guztion artean eraikitzen ari garen eta euskal gizartearen erronka eta beharrei erantzungo dien hezkuntza-sistema sortzea. Ez digu ezertarako balio adostasun politikoak, adostasun sozialari erantzuten ez badio.

Deskargatu PDF formatuan euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunari buruzko akordioaren oinarriak zehazteko txostenaren lehen zirriborroa.