Eskola txikien handitasuna aldarrikatu dute Errezilen

2022-06-22

Ekainaren 12an 34. Eskola Txikien Jaiaren egin zen Errezilen, ‘Eskola txikiak bizirik’ lemapean. Herrian, bigarren aldiz antolatu da jai hau, 1995ean gauzatu baitzen lehen aldiz.

San Martin Herri eskolak antolatu duen festa eguna, Eskola Txikietako herrien arteko elkargunerako jai eguna izan ohi da, eta eskola txikien komunitatea elkartuz, eskola berezitu diren herri nahiz auzoen biziraupena ospatzeko jai eguna da. Ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko loturak eta harreman positiboak indartzea da helburua. Izan ere, ukaezina da eskola txikiek herri nahiz auzo txikietan duten garrantzia eta eragin positiboa.

“Errezilen dugun eskola txikiari esker gure haurrek euren herrian hazi eta hezteko aukera eskaintzen diegu. Adin ezberdinetako ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira, euren jaioterrian kokatuta abiatzen dira ikaskuntza prozesua garatzen, eta lehen mailako harremanetan sakontzeko aukera ematen diegu herriarekiko harremanetan”.

San Martin Herri Eskola

Eskola txikietan ezagun den moduan, San Martin Herri eskolak ere eskola txikien ezaugarriak ditu. 54 ikasle daude, une honetan: 19 Haur Hezkuntzan eta 35 Lehen Hezkuntzan. “Eskola publikoa da. Zerbitzu publikoa ematen du, aukera berdintasuna eta inklusibotasuna bultzatzen ditu; hurbiltasuna, aniztasuna eta kohesio soziala erdigunean jarri nahi dituena da San Martin eskola”, aipatu du Miryam Urrutibeaskoa Onaindia ikastetxeko zuzendariak.

***argazkia: Gorka Rubio , FOKU