Murgiltze eredua ezarriko da aurreneko aldiz Iparraldeko lehen hezkuntza publikoan

2022-06-29

Ipar Euskal Herrian hiru eskola publikotan euskarazko murgiltze eredua ezarriko da datorren ikasturtean: Irisarrin, Barkoxen eta Larrainen, hain zuzen ere. Irisarri izango da lehen mailan murgiltze eredua eskainiko duen Iparraldeko lehen eskola publikoa. Izan ere, orain arte ama eskolan sooilik eskaintzen zen (Barkoxe eta Larrainen kasua) eta ondoren eredu elebidunera pasatzen ziren ikasleak.

Hiru eskoletan euskarazko hezkuntza garatzeko mobilizazioak abian ziren joan den astetik, bereziki Larrainen, baita Irisarrin ere. Ostegunean elkarretaratzea aurreikusita zegoen baina oraingoz bertan behera gelditu da. Larraineko eskolak eskaera ofiziala otsailean egin zuen eta Irisarriko eta Barkoxeko eskoletako eskaera azken asteotakoa da.

Ekainaren 29an eginen den eskualde hizkuntzen Batzorde akademikoan, egoera honi buruzko zehaztapenak jorratuko dira.