Zuzendaritzaren hautaketan familien parte-hartzea bermatzea eskatzen dugu

2022-09-16

Hezkuntza Saila EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-taldeen hautaketa, prestakuntza eta ebaluazioa arautuko duen dekretuaren zirriborroa prestatzen ari da. Datozen egunetan, Eskola Kontseiluak zirriborro hori eztabaidatuko du, eta, horregatik, eskola publikoko familien ordezkariok hainbat ekarpen egin dizkiogu proposamenari.

Alde batetik, zuzendaritzaren hautaketa-prozesuan familien parte-hartzea bermatzea eskatzen dugu, edozein estamenturen aurrean hezkuntza-komunitatea ordezkatzen duen figura baita.

Bestalde, hautaketa-prozesuan OOGaren protagonismo handiagoa eskatu dugu, hori baita ikastetxe publikoen ordezkaritza- eta partaidetza-organo gorena. OOGak dagokion protagonismoa eta erabakitzeko ahalmena izan behar ditu, azken finean, ikastetxea nork zuzentzen duen aukeratzea oso erabaki garrantzitsua da.

Azkenik, zuzendaritza-proiektua Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin bat etor dadila ere eskatu dugu; izan ere, azken hau da hezkuntza-komunitate osoak egindako dokumentua, zer izan nahi duen eta zer lehentasun dituen jasotzen duena.

Datozen hilabeteetan ezagutuko dugu behin betiko dokumentua eta Hezkuntza Sailak gure ekarpenak kontuan hartu dituen ala ez.