Gizartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzuten ez dien lege-aurreproiektua

2022-09-30

Euskadiko Eskola Kontseiluak abian jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Legeari buruzko eztabaida. Organo horretako kide garen aldetik, lege horren lehen zirriborroaren balorazio negatiboa egin dugu, honako arrazoi hauengatik:

Ez du jasotzen eskola publikoa izan behar dela euskal hezkuntza sistemaren ardatza.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko bat sortzea proposatu du, titulartasun pribatu eta publikoko zentroek osatua, maila berean kokatuz ikastetxe publikoen sarea eta itunpeko ikastetxe pribatuak.

Plangintza estrategikoaren helburua eskaintza eskarira egokitzea baino ez da, hezkuntza-sistemaren planteamendu merkantilista hutsa. Horrek bereizketa handiagoa eta desoreka handiagoa ekarriko ditu ikastetxeen eta ikasleen artean.

Arriskuan jartzen du euskararen normalizazio-prozesua, ez baita bermatzen murgiltze-eredua. Ikasleen irteera-profilak zehazten dituen arren, ez da argitzen nola lortuko duten ikasle guztiek B2 maila euskaraz.

Ez du aurreikusten ikastetxe publikoen autonomian aurrera egitea ahalbidetuko duen neurri zehatzik, legediak orain baimentzen duenaz harago.

EHIGEk eskola publikoa defendatzeko konpromisoa hartzen du eta, beraz, azterketa sakonagoa egingo dugu datozen egunetan eta ekarpenak egiten jarraituko dugu eztabaida-prozesu osoan zehar.