Hezkuntza Legearen kontrako mobilizazioa egingo dugu azaroaren 5ean
2022-10-13
Azaroaren 5ean Bilbon “Hezkuntza publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi, ez!” lemapean egingo den manifestazioaren berri emateko Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen prentsaurrekoan parte hartu du EHIGEk gaur. Mobilizazioa 17:30etan abiatuko da Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzatik (Gran Via 85) .
Izan ere, 2022-23 ikasturte honetan EAEko Hezkuntza Legea onartu nahi du Jaurlaritzak. Jadanik ezagutzen dugu Lege horren aurreproiektua, zeinek ez dien erantzuten eskola publikoaren beharrei. Eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema propioa nahi dugu, hezkuntza kohesionatua, berdintasunezkoa eta euskalduna bermatuko duena:
- Sare publikoa sendotzea eta handitzea proposatzen dugu, herritar guztientzako eskubideen bermea baita. Horretarako, beharrezkoak dituen baliabide guztiak zuzenduko zaizkio eta publifikazio bideak ahalbidetuko dira sare honen parte hartu nahi duten ikastetxeentzat.
- Ikasleen euskalduntzean erreferente izaten jarraituko duen eskola publikoa izan nahi dugu. Aurreproiektuak ez du indartzen hezkuntzak euskararen eta euskal kulturaren garapenaren bermatzaile gisa duen zeregina. Ez dira gainditzen hizkuntza-ereduak eta ez da jasotzen murgiltze eredua, ezta euskal curriculuma ere.
- Hezkuntza komunitatearen parte-hartzean oinarrituta, elkarrekin lan egingo duten eskola publikoen sare solidarioa nahi dugu, herri eta auzoetan txertatuak.
- Euskal gizarte kohesionatuaren aldeko apustua egiten dugu. Egungo hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak ez du kohesioa bermatzen.
- Euskal hezkuntza sistema publiko laikoa nahi dugu. Legeak kontrakoa planteatzen du: erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa izango da eskola publikoan eta ideiario erlijiosoa duten itunpeko ikastetxeek publikoen finantzazio berbera jasoko dute.
Guraso-elkarteentzako informazio praktikoa:
- EHIGEk 100€ko dirulaguntza emango dizue manifestaziora etortzeko antolatzen duzuen autobus bakoitzagatik. Jar zaitezte harremanetan zuen federazioarekin informazio gehiago izateko.
- Hemen daukazue manifestazioaren kartelaren inprimitzeko bertsioa. Ikastetxean bertan jasoko dituzue ere kartel fisikoak.
- Pankartak egin eta eskegi zuen ikastetxearen kanpoaldean. Sindikatuetako egoitzetan pankartak egiteko materiala eskuragarri duzue, behar izanez gero. Topaguneko eragile eta plataformetatik saiatuko gara laguntzen (pankarta eredua).
- Argazki bat atera ikastetxean kartelarekin edo pankartarekin eta bidali helbide elektroniko honetara eskolapublikoazharro@gmail.com zuen atxikipena bidalita urriaren 28a baino lehen.
- Aldarrikapen-egun alaia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu eta horregatik Harro kantua eta dantza ikastera animatzen zaituztegu.
- Deskargatu hemen manifestazioa aurkezteko prentsaurrekoaren testua.
Eskerrik asko eta gora eskola publikoa!
Azaroaren 5ean denok Bilbora!