10.000 pertsona baino gehiago batu gara Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestazioan

2022-11-09

10.000 lagundik gora bildu ginen larunbatean Bilbon “Hezkuntza publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez!” lelopean Euskal Eskola Publikoaz harro! Topaguneak deitutako manifestazioan. Duela urtebete, beste manifestazio historikoa deitu zuen topaguneak eskola publikoaren defentsan eta pribatizazioaren kontra, eskola publikoaren alde egin ziren azken mobilizazioetatik hamarkadak pasatu ostean.

EAEko hezkuntza sistema arautuko duen lege berri bat egiteko prozesua martxan dagoen honetan, eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema propioa aldarrikatu genuen, hezkuntza kohesionatua, berdintasunezkoa eta euskalduna bermatuko dituena.

Mobilizazioa 17:30etan hasi zen Hezkuntza Delegaritzaren aurrean eta, Kale Nagusi osoa gurutzatu ondoren, Udaletxean amaitu zen. Yogurinha Borovaren “Sentipenak askatu” kanta dantzatuz eman genuen ongi etorria, ondoren Katixa Agirre idazleak eta eskola publikoko amak eskola publikoaren aldeko hitzak bota zituen. Horren ostean Izaro Urteaga bertsolariaren txanda heldu zen eta ondoren topaguneko aldarrikapenak entzun genituen Maribel López de Luzuriaga topaguneko bozeramailea eta Ibone Bastidaren ahotik. Ikasleen ordezkariak ere izan genituen amaiera ekitaldian, Yuraima eta Mowafari esker, eta “Harro” abestia dantzatuz amaitu zen ekitaldia.

Eragile hauek egin genuen deialdia: Gasteiz, Oion, Bilbo, Santurtzi, Oarsoaldea, Astigarraga, Donostialdea, Aiztondo eta Lasarte-Oriako plataformak; Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak,  STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK.

Erakunde hauek egin zuten bat deialdiarekin: LAB, ELA, Ernai, Mujeres del Mundo-Munduko Emakumeak «Babel», FeministAlde Elkartea, Mugarik gabe, Ongi etorri errefuxiatuak , Bizkaiko SOS Arrazakeria, Komite Internazionalistak, CNT, Azalak Elkartea.

Deialdiarekin bat egin zuten ere EA, Alternatiba, Elkarrekin-Podemos eta Ezker Anitza-IU-k.