Segregazioari aurre egiteko neurri eskasak

2023-01-31

Otsailaren 13an hasiko da datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina. Lehen aldiz, funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe guztiek 2 urteko ikasle zaurgarrientzako plazak gorde beharko dituzte.

Ikaspostuen eskaintza

132/2022 Dekretuak eta 2022ko abenduaren 21eko Aginduak adierazten dutenez, eskola-plazen eskaintzaren plangintza eskolatze-premia errealetara egokitu behar da, gehiegizko eskaintza eta eskaintza eskasa saihestuz. Hau da, eskola-eremu batean matrikulatu daitezkeen 100 haur badaude, Hezkuntzak sailak zonaldeko ikastetxeen artean banatutako 100 eskola-plaza inguru planifikatu beharko ditu, eskolatze orekatua bermatzeko.

Egokitu al da eskola-postuen plangintza 2023-2024 ikasturteko eskolatze-premia errealetara? Badirudi ezetz. Eskaintza publiko eta pribatu itundua duten zonaldeen
% 50 baino gehiagotan behar baino plaza gehiago eskainiko dira. Hezkuntza sailak datozen sei urteetarako hezkuntza-itunen azken ebazpenean itundutako plaza pribatuak murrizteko aukera izan badu ere (2022ko ekainaren 21eko Aginduaren Ebazpena), egokitzapenak ez dira nahikoak izan, argi eta garbi. Ondorioz, abiapuntua plangintza gain dimentsionatua denez, eskola-segregazioari aurre egiteko hartutako neurriak ez dira eraginkorrak izango.

 

Ikasle zaurgarriak identifikatzea

Eskolatze orekatua lortzeko beste neurrietako bat ikasle zaurgarriak ondo identifikatzea da. Erabiliko al du Hezkuntza Sailak horretarako prozedura objektiborik? Badirudi ezetz. Familiek galdetegi bat bete beharko dute hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak identifikatzeko. Formula horrek zalantza asko sortzen dizkigu. Orain arte ez dakigu galdetegiaren edukia, ezta erantzunen egiazkotasuna kontrolatzeko modua ere. Bestalde, badakigu ez dela errenta ekonomikoa kontuan hartuko, eta datu hori ezinbestekotzat jotzen dugu. Laburbilduz, opakutasuna eta datu objektiborik eza ikusten ditugu.

 

Ikasle zaurgarrientzat plazak gordetzea

Ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek ikasle zaurgarrientzako plazak erreserbatu behar dituztela dio Onarpen aginduak. Erreserba hori eskola-eremu bakoitzerako ezarritako zaurgarritasun-indizearen arabera egingo da.

Hala ere, ez du aipatzen nola jokatuko den ikastetxe batek ikasle zaurgarri gehiago jasotzen baditu erreserbatutako plazak baino.

Eskaerek ikastetxean dauden plazak gainditzen dituztenean bakarrik jarriko dira martxan baremazioa eta plazak erreserbatzeko mekanismoa, baina gehiegizko eskaintza dagoela eta jaiotza-tasa jaisten ari dela kontuan hartuta, baremazioa urria izango dela eta ikasleen eskolatze orekatua ez dela lortuko uste dugu.

Azken batean, onarpen-prozesuaren berrikuntza horiek gutxi edo oso gutxi aldatzeko etorri dira, eta ez dute sare publiko orekatu bat bermatuko.