Bergarako San Martin eta Ipintzako ikasleek egoera energetikoa hobetzeko proposamenak landuko dituzte

2023-02-09

Bergarako San Martin Agirre Herri Eskolan eta Ipintza Institutuan egingo dute lanketa. Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea lelopean, udal-agintariei udalerriaren egoera hobetzeko proposamenak egingo dizkiete.

Bergarako Udalak jakinarazi du 2022-2023 ikasturtean Garapen Jasangarrirako Helburuen lanketari jarraipena emango diotela ikasleek Eskolako Agenda 2030 proiektuan. Urtarriletik martxora, energiaren testuingurua ezagutzeko saio teorikoak landuko dituzte ikasgelan, baita udalerriaren egoera aztertzeko saio praktikoak ere.

Hobetu daitezkeen puntuak identifikatu ondoren, bi ekintza egingo dituzte. Batetik, alkateari eta gainerako udal ordezkariei luzatzeko proposamenak sortu, eta, bestetik, norberak bere eguneroko bizitzan txertatzeko konpromisoak hartu. “Modu horretan, garapen jasangarria herritar guztion ardura dela ondorioztatuko dute”, aipatu dute Udaletik.