Oñatiko Urgain IGEak gaitasun intelektual handiei buruzko hitzaldi arrakastatsua antolatu du

2023-02-14

Urgain IGEak Oñatiko Kultur Etxeko aretoa aukeratu zuen, Aupatuz elkarteko Amaia Agiriano Arrese psikologoaren eskutik, ikasleen gaitasunei buruzko hitzaldi bat emateko.

Ikusleen artean, gurasoak eta irakasleak zeuden, baita udalerriko ikastetxe guztietako pertsonak ere. Haurren %15-20 inguru izan daiteke adimen gaitasun handikoa, baina, gaur egun, ez da erraza detektatzea (%1 detektatzen da), behar beste baliabide eta aukera ez dagoelako.

Agirianok azaldu zuenez, luzea da AGHko haurrek izan dezaketen ezaugarrien zerrenda; batzuk aipatzearren:

-Ezohiko hiztegi aberatsa eta beren adinerako esaldi-egitura konplexuak erabili ohi dituzte.

-Hitzen ñabardura, metafora eta ideia abstraktuen ulermena.

-Hein handi batean, autodidaktak: irakurtzen eta idazten eskolaurrean hasi ohi dira.

-Idealismoa eta justizia-zentzua gehienetan baino lehenago agertu ohi da.

-Ardura handia gai sozial, politiko eta injustiziengatik.

-Ezohiko sakontasun emozionala, sentimendu eta erreakzio biziak, eta oso sentiberak dira.

Hizlariaren esanetan, eskola eremuan, haur hauen behar nagusiak izan ohi dira:

-Ulertuak eta onartuak izatea.

-Beren mailako zereginetan parte hartzea.

-Jolas egiteko, beren interesak partekatzeko edota zereginak egiteko beren mailako edo beraiekin bat egiten duen norbait izatea.

Adimen gaitasun handien identifikazio goiztiarraren garrantzia nabarmendu zuen Amaia Agirianok; umearen momentu bakoitzeko beharrei erantzutea garrantzitsu izanda, zenbat eta lehenago identifikatu, hobe: hainbat aditurentzat, 4 eta 7 urte artekoa da ebaluatzeko adinik egokiena, umea bere gaitasunak ezkutatzen hasi edo arazoak agertu aurretik –nahiz eta pertsona denek ez dituzten beraien ezaugarriak txikitatik erakusten–. Halako haurrek arreta espezifikoa eta, batzuetan, terapeutikoa behar izaten dutela azaldu zuen.