“Eskola-segregazioaren aurkako neurriak Katalunian” eztabaidaren ondorioak

2023-03-29

Atzo, asteartea, “Eskola-segregazioaren aurkako neurriak Katalunian” izeneko eztabaida egin genuen Lidón Gasull abokatua eta aFFaC-en zuzendariarekin  (Kataluniako familia federatuen elkartea), zeinak Haur eta Lehen Hezkuntzako IGEen % 97 eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza publikoko IGEen% 70 ordezkatzen dituen) eta Sheila González Motos doktorearekin (Politika Publikoetan eta Gizarte Eraldakuntzan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan). Egun, Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia Politikoko Saileko irakasle irakurlea da, eta hezkuntza-desberdintasunarekin lotutako politika publikoei buruzko ikerketak egin ditu. Halaber, 11/2021 onarpen-dekretua egiteko batzordean parte hartu zuen.

Zalantzarik gabe, Kataluniako segregazioaren aurkako hezkuntza-politikak inspirazio-iturri izaten ari dira guretzat. Hala, datorren ikasturterako onarpen-prozesuko neurriek Kataluniako Unibertsitate Autonomoko GEPS taldearen aholkularitza izan dute, eta Eusko Jaurlaritzak Katalunian dagoeneko aktibatu diren ekimenetako batzuk abian jartzea aurreikusi du, hala nola segregazioaren aurkako itun bat, eskola-plazaren kostuari buruzko azterlan bat sustatzea, publifikazioari buruzko dekretu bat edo titulartasun publiko eta pribatuko zentroek osatutako Hezkuntzako Zerbitzu Publiko bat sortzea, etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Legean islatuko dena.

 

Planifikazioa eta onarpena

Azken onarpen-prozesuan lehen neurriak hartzen ari dira. 2 urteko seme-alabak dituzten familiek galdetegi bat bete dute, zaugarriak diren ala ez identifikatzeko. Ikastetxeek ikasle horientzako plazak gorde beharko dituzte, eremu bereko ikastetxeen osaera orekatzeko.

Prozesuaren hasieran, lehen balorazio bat egin genuen, eta adierazi genuen neurriak ez zitzaizkigula oso eraginkorrak iruditzen. Alde batetik, eskola-plaza pribatuen eskaintza izan da. Izan ere, herri batzuetan plaza gehiago eskaini ditu pribatuak jaiotzak baino. Bestetik, ikasleen identifikazioa ez da objektiboa izan, ezta kontrolagarria ere.

Oraingoz ezin dugu prozesuaren balorazio sakonik egin, gaur egun Onarpen-bermeen batzordeek ez baitituzte prozesuaren jarraipena eta kontrola egiteko datuak jaso. Nolanahi ere, argi daukagu neurri horiek ikastetxe publiko kohesionatuak lortzeko eta eskola publikoaren perimetroa handitzeko balio behar dutela.

Planifikazioari buruzko dekretu berriari dagokionez, honako hau esan behar dugu:

  • Sareen arteko osagarritasunean oinarritzen da eta ez du eskola publikoa lehensten.
  • Ez du betetzen plaza publiko nahikoak daudela bermatzeko eta titulartasun publikoko ikastetxeen sarean gero eta eskola-postu gehiago izatea sustatzeko oinarrizko araudiak agintzen duena.
  • Ez du bermatzen eragileek eskola-mapa kontrolatzen eraginkortasunez parte hartzea.

 

Kataluniako zenbait ikaskuntza

  • Kataluniako Hezkuntza Zerbitzuak (LEC, 2019) ez du amaitu eredu dual publiko-pribatuarekin, itunpeko ikastetxe bakar bat ere ez baita geratu zerbitzu horretatik kanpo.
  • Ezin dira parekatu titulartasun publikoko eta titulartasun pribatuko ikastetxeak, logika desberdinak dituztelako eta hezkuntza-administrazioak ezin duelako modu berean esku hartu batzuetan eta besteetan.
  • Eskola publikoa indartzearen garrantzia. Bartzelonan egindako politika publikoek eskola publikoaren perimetroa zabaltzea ahalbidetu dute.
  • Gain eskaintza pribatua murriztea. Eskolatze-premietara egokitutako eskaintza ezinbestekoa da eskola-segregazioaren aurkako neurriek eragina izan dezaten.
  • Ikasle zaurgarriak identifikatzeko neurriek objektiboak eta kontrolagarriak izan behar dute.
  • Hezkuntza-eragileen parte-hartze eraginkorra ezinbestekoa da prozesuaren eraginkortasuna bermatzeko.
  • Toki-erakundeek oso zeregin garrantzitsua dute eskola-segregazioaren aurkako borrokan.
  • Familiek aukeratzeko duten eskubidea ezin da hezkuntza-sistema kohesionatua lortzeko helburuaren gainetik egon. Alde horretatik, garrantzitsua da zentroen arteko baliokidetasuna ematea (osaera, azpiegiturak, zerbitzuak…).