Bilera bat eskatu diogu Hezkuntza sailburuari matrikulazio prozesua argitzeko

2023-04-14

Lehen aldiz, Hezkuntza Sailak neurriak hartu ditu euskal hezkuntza-sistemak duen eskola-segregazioaren arazo handiari aurre egiteko. Xavier Bonal, Gerard Ferrer eta Adrián Zancajok osatutako Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko lan-taldeak egindako azterlanaren jarraibideei jarraitu die.

Azterlan horrek argi eta garbi ohartarazten du behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolatze orekatua, plazen erreserbaren bidez, ez dela eraginkorra izango sare pribatuaren gain eskaintzarekin amaitzen ez den bitartean, hori baita eskola-segregazioaren arrazoi nagusia.

2023-2024 ikasturterako 2 urteko geletan ezarritako neurriak lehen urratsa dira egungo egoera hobetzeko, baina neurri horiek indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatu behar dira, gardentasun osoz eta hezkuntza-eragileen parte-hartzearekin.
Horregatik, Hezkuntza sailburuari bilera bat eskatu diogu, gaur egun argi ez dauden kontu batzuk argitzeko, hala nola ikasleak kalteberatzat jotzeko irizpideak edo Saila ikasleak ikastetxe batera edo bestera bideratzeko erabiltzen ari den arrazoiak.

Era berean, Ikasleak Onartzeko Berme Batzordeak deitzea eskatu dugu. Batzorde horiei dagokie ikasleak onartzeko prozesua eta hori arautzen duen araudia betetzen dela ikuskatzea.