San Martín: borroka baten historia

2023-06-28

Arkaitz aita eta Getxoko Juan Bautista Zabala HLHIko IGEko kidea da, eta hitz gutxitan esan digu bere esperientzia bere eskolan aterpe bat lortzeko.

 

San Martin Algortako (Getxo) Juan Bautista Zabala eskolako haur hezkuntzarako eraikina da. Duela mende bat baino gehiagoko eraikin ederra, non gure haurrak 2 urterekin hasten diren eskola publikoan hezten. Adin horretako guraso askori gertatuko zaien lez, ematen dituzten lehen urratsak oso gertu jarraitzen ditugu, esperientzia aberatsa, zaindua, zoriontsua eta errespetatua izan dezaten.

 

Gure haurrak eskolan hasten direnean sentitzen ditugun emozio eta lotura horiek familia askok partekatzen ditugu, eta ez da harritzekoa artean loturak sortzea. Hala izan zen gure kasuan, eskola publikoko hainbat familia, jatorri, testuinguru eta biografia desberdinetakoak, eskola baten inguruan, proiektu baten inguruan, eta, batez, ere ikasgela eta bizitza partekatzen zuten haur batzuen inguruan.

 

Baina udazkeneko lehen hilabete pasata, euria eta eguraldi txarra etorri zen. Eta horrek egoera desatsegin bat ekarri zuen. Eraikinak alboko sarrera bakarra du, eta ez du ikasleak eta familiak estaltzeko aukerarik. Egun batetik bestera, 2 eta 3 urteko haurrak ateak  noiz irekitzearen zain, euripean, eskolara sartzeko, gure ezintasunaren eta txundiduraren aurrean (eta erabat blai eginda, noski!!). Lehenengo erreakzioa ikastetxeko klaustroari eta zuzendaritzari galdetzea izan zen ea nola zen posible adingabeen sarrera egoera horretan egotea. Erantzuna Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak ez zutela bere gain hartzen obra hori izan zen. Batek eraikin babestua zela zioen, eta besteak ez zegokiola, “ez baitzen bere eskumena”.

 

 

Une horretatik aurrera, egoera hori konpontzeko borrokan murgildu ginen familiak. Lehenik parkeetan, gero batzarrak hasi ziren, eta azkenean talde eragile bat sortu genuen, aldian-aldian biltzen hasi zena arazoa eta irtenbide posibleak aztertzeko.

 

Hor geunden dena aldatu zuen zerbait aurkitu genuenean: guraso elkartea. Ordura arte ez genituen ezagutzen haien dinamikak eta umeentzat egiten zuten lana. Horren ostean, Bizkaia osorrrako egunkari batek artikulu bat argitaratu zigun, gure borrokari ahotsa emanez eta erakundeen inplikazio eza argi utziz.

 

Zarata egiten hasi eta aterpeari inguruan zergatik ez zen ezer egin jakiten saiatu ginenean jakin genuen hau urte batzuk lehenagoko borroka bat zela. Neska-mutil belaunaldi asko eta asko bustitzen ari ziren San Martingo sarreran, guraso askoren haserre eraginez, eta Udalari eta Eusko Jaurlaritzari erreklamatzeko saiakerek ez zuten hori konpontzeko balio izan. Horrela, 2 urteko Haur Hezkuntzako familien talde eragilea haur nagusiagoen beste gurasoengandik elikatzen hasi zen, behar horrekin, IGEaren laguntzarekin eta bultzadarekin sentsibilizatuta baitzeuden.

 

Eta horretan lanean hasi ginen, ikastetxeko zuzendaritzarekin bilerak, Getxoko Udaleko hainbat talde politikori bidalitako mezuak, inoiz erantzun ez zigun alkateari bidalitakoak, udal hezkuntzako zinegotziarekin bilerak, Bizkaiko IGEen Federazioarekin (BIGE), Eusko Jaurlaritzarekin, baita alderdi ezberdinetako Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkaritza batek ere eskola bisitatu zuen.

 

Guraso elkartea prozesuaz jabetu zen, eta legitimitate kolektiboa eta indarra eman zien guk generamatzan eskaerei, eta egun batean, aldez aurretik abisatu gabe, familiak ikastetxearen sarrerara iristen ari ginen bitartean, langileak neurtzen hartu eta San Martingo aterpea jartzen hasi ziren. Behin eta berriz esan ziguten ezinezkoa zela jartzea, inbertsio handia zela, arkitektonikoki ez zela segurua edo udal araudiaren aurka egiten zuela.

 

Urte askotan ez ikusiarena egin zuten, baina azkenean, elkarrekin, arrazoi izateak eta bidezko zerbaiten alde borrokatzeak ematen duen indarrarekin borrokatuz, behar genuena lortu genuen.

 

Eta orain zer? Borrokan jarraitzea, gabezia eta behar asko daudelako