Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Hezkuntza Legeari ezezko borobila eman dio bozketa sinboliko batekin
2023-11-21
Azaroaren 29an, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ontzat eman nahi du Hezkuntza Legearen Proiektua, bere onarpenerako bide emateko. Horri aurrea hartuta, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Hezkuntza Legeari ezezko borobila emateko bozketa sinboliko bat egin zuen larunbatean Gasteizen. EHIGE bertan izan da, plataforma osatzen duten beste hainbat kideekin batera.
Eskola Publikoaz Harro plataformak eta berau osatzen duten eragileek (irakaskuntza publikoko ordezkarien gehiengoa) legearekiko erabateko desadostasuna adierazi dugu azken bi urteetan, bai Legebiltzarrean egindako agerraldi ugarietan, bai milaka herritarron kontrako jarrera bilduz hiru hiriburuetan, azkena urriaren 29an Donostian.
Legea gizarteari egiten zaion iruzur handia dela salatu zuen plataformak arrazoi hauengatik, besteak beste:
- Ez ditu aintzat hartu sare publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunon proposamen bat ere.
- Soilik itunpeko sarearen interesei erantzuten die, eta sare pribatura bideratzen ditu ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko eskola publikoak behar dituen baliabideak.
- Hezkuntza-sistemaren pribatizazioan sakontzen du, sare publikoa eta pribatua berdinduz. Sare pribatuari, inongo baldintzarik bete gabe finantzazioa bermatzen dien bitartean, eskola publikoa bazter uzten du finantzazio planik ezean.
- Ez die erantzuten hezkuntza-sistemak dituen erronkei. Hala, ez du neurri eraginkorrik proposatzen eskola-segregazioari aurre egiteko, ezta geto bihurtu diren ikastetxeei buelta emateko ere, eta ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen.
Elkarretaratzeak azaroaren 23an
Hezkuntza lege txar hau bere onarpenaren azken txanpan dagoen honetan, eskola-komunitate osoari deitu dio plataformak berriro ere hezkuntza lege honi EZ esateko. Horretarako azaroaren 23an ikastetxeetan mobilizazioak egitera gonbidatzen ditu eskola publikoko ikas komunitateak, euskal eskola publikoa sistemaren erdigunean jartzen duen legea eskatzeko.
Bidali zuen argazkiak bidali email honetara eta gure sare sozialetan zabalduko ditugu.
Deskargatu hemen deialdiaren kartela.