‘Publikoa aI do’ izango da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 31. leloa
2023-12-15
Gaur aurkeztu dugu prentsaurrean 2024ko ekainaren 2an Ordizian Publikoa aI do! lelopean egingo dugun Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia. Prentsaurrekoan hitza hartu dute Eneko Lasa, Ordiziako Urdaneta eskolako IGEko ordezkariak eta Lurdes Imaz, EHIGEko koordinatzaileak. Bertan egon dira ere Ordiziako eskola eta institutuko guraso eta zuzendaritzak.
Euskal Eskola Publikoaren Jaia, eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin aldarrikatzea helburu duen eguna da eta urtero ospatzen da ekaineko aurreneko igandean 1994. urteaz geroztik.
Euskal Eskola Publikoaren komunitatea osatzen dugun milaka lagunen topagune izatearekin batera, eskola publikoak bereak dituen ezaugarriak gizarteratzeko egun aproposa bihurtu da: publikoa den heinean denona eta denontzakoa, euskara eta euskal kultura sustatzailea, herrian txertatua, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzean oinarritua eta berritzailea.
Indartsu iristen da Euskal Eskola Publikoaren Jaia 31. edizio honetara. Izan ere, gero eta gehiago gara egun honetan biltzen garen hezkuntza-komunitateko kideak, eskola publikoa indartsu eta ahaldunduta dagoenaren erakusgarri.
LELOA ETA IRUDIA
“Publikoa aI do!” da Euskal Eskola Publikoaren 31. jaiaren leloa. Ordizian eta Goierriko txoko askotan euskara batuko “ari du” esaera “ai do” esaten da. Honela, esaterako “euria ari du” “ebie ai do” esaten da. Hori jarraituz, Ordizian, Goierrin, Euskal Herrian “Publikoa ari duela”, Eskola Publikoa eta bere balio eta indarguneak zabaltzen ari direla, ahalegin horretan gabiltzala adierazi nahi da.
Eta hitzek ematen duten jokoaz baliatuz, “ai do” esaera barruan, ingelesak ematen duen aukera aprobetxatu nahi izan dugu “I do” ere adierazteko. Hau da, publikoa nik ere egiten dudala, publikoa gutariko bakoitzak, guztiok egiten dugula.
Lelo eta irudi honen bidez Euskal Eskola Publikoak orokorrean eta Ordizian modu berezian dituen balio eta ardatz hauek azpimarratu nahi izan ditugu:
- Publikotasuna.
- Aniztasuna eta inklusioa.
- Euskalduna.
Deskargatu prentsa dosierra ardatz hauetan sakontzeko.
Irudiari dagokionez, Eukene Lekuona da aurtengo irudiaren egilea, Ordiziako Urdaneta eskolako komunitatearen kide den diseinatzailea. Logo honen bitartez dena bustitzen duen euria eta hezetasun horretatik sortzen den bizitza irudikatu nahi izan ditu Lekuonak.
Euria koloretako tanten bidez irudikatzen da eta kimuak koloretako hostoen moduan. Kolore horiek adierazten digute sortzen dena plurala eta inklusiboa dela. Elementuak modu oso erraz eta garbian irudikatu dira da azpimarratu nahi ditugun hiru ardatzak (publikoa, euskalduna eta aniztasuna eta inklusiboa) garbi ikus daitezen.
ORDIZIAKO IKASTETXE PUBLIKOAK
Bi ikastetxe publiko daude Ordizian: Urdaneta eskola eta Oianguren institutua.
Urdaneta Eskola Ordiziako haur eta lehen hezkuntzako ikastetxea da. Egun, Euskal Herriaz gain, beste 31 herrialdetan jatorria duten familiatako seiehun ikasletik gora batzen ditu. Euskaraz gain, beste 21 hizkuntzatan hitzen egiten duten familietako haurrak eskolatzen ditu, euskara ardatz duen hezkuntza sisteman. Ordizian eta Eskola Publikoan bereziki duen aniztasun handiari erantzun Amara Berri Sistema ezartzea erabaki zuen ikastetxeak.
Urdanetarrak Guraso Elkartea ikastetxeak hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze aktiboa bultzatzen du. Elkarteak ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren barnean funtzio garrantzitsua betetzen du, Eskolako Organo Gorenean eta iraunkorrean parte hartuz.
Oianguren BHI Ordiziako institutu publikoa da eta gaur egun 521 ikasle inguru hartzen ditu. Inguruko herrietako ikasleak etortzen dira institutura: Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga eta Gaintza. DBHtik Batxilergorako ikasketak burutu daitezke eta haur-hezkuntzako goi-mailako ziklo bat ere eskaintzen da.
Oiangu Guraso Elkarteak Institutuko eguneroko bizitzan eta heziketa prozesuan zuzendaritza eta irakasle klaustroarekin batera parte aktiboa hartzea du helburu. Elkarte hau ikasle eta herrietako beharren ezinbesteko ahotsa da eskola komunitatean. Heziketan laguntzea, zerbitzuak hobetzea, ikastetxearen kudeaketan laguntzea eta jarduera osagarriak antolatzea dira elkartearen helburuak, besteak beste.
ESPAZIOAK ETA PROGRAMA
Herri barneko hainbat gunetan ospatuko dira aurtengo Jaiko jarduerak: Asteazkeneroko Azoka egiten den Plaza Nagusia, Garagartza plaza, frontoia eta zuhaiztia, JM Barandiaran plaza eta Barrena parkea. Horretaz gain, eta urtero bezala, hainbat kale jarduera izango dira.
Bestalde, jarduerak ez dira mugatuko ekainaren 2ra. Ekainaren 2ko jai eta programazio zabalarekin batera, aurrerago plazaratzen joango garen aurrez azalduriko ildo nagusiak lantzeko helburua duten sorpresaz beteriko urte osoko programa prestatzen ari gara.
Deskargatu prentsa dosierra.