Zorionak Atxondoko eskola! azkenik sukaldea lortu duzue!

2024-01-08

Itxaronaldi luze baten ondoren, Atxondoko eskolako sukalde berria amaitu da eta IGEak ekitaldi bat antolatu du haur, familia, zuzendaritza talde, Berton Bertokoa eta, jakina, Atxondoko jatetxeetako sukaldariekin. Azken hauen artean Akebasoko Iñigo Maguregi, Jon Iñaki Yurrebaso de Mendigoikoa Bekoa, Ane Gallastegi de Etxost eta Txispa jatetxeko Tetsuro Maeda daude.

Bidea ez da erraza izan, borroka luze baten ostean lortu dute Atxondon sukaldea izatea. Zabalarra eskolako  sukaldea une honetan proiektu bat baino ez da, Fray Juan de Zumarraga institutuko sukaldea bezala. Biak, Atxondokoarekin batera, 2019-2023ko Azpiegituren Ezohiko Planean agertzen ziren, baina oraindik ez dira iritsi.

Atxondon denbora luzea daramate eskola elikadura eredu berri bat aldarrikatzen, eta eredu hori herriko ikastetxean txertatu dadin borrokatzen: “Gogoratu nahi doguz egindako aldarrikapen, videoclip, flasmove, abesti, lapiko hotsak, Lakuarako bidaiak eta astebeteko plantoa, umeak egunero eskolatik atera eta herriko plazan bazkaltzen eman genien, herriko sukaldari eta jatetxeen laguntzarekin (Taberna txiki, Etxoste eta Akebaso jatetxeak)”.

“Eskerrak eman gura dizkiegu ibilbide honetan lagundu diguten guztiei. Gaur egungo eta iraganeko zuzendari, irakasle eta langile guztiei, gure ondoan bide lagun izan direlako eta gure aldarrikapenak beraienak egin dituztelako”, azaldu dute Berton Bertokoa dinamikako eta guraso elkarteko kideek.

Eta herriko sukaldariekin ospatu dute.

Hau inbidia!

Zorionak