Samaniego eskolaren 50. urteurrenaren oroitzapena
2024-01-19
Tolosako Samaniego Herri Ikastetxeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren borobila ospatzeko eta urteotako ibilbidea balioan jartzeko ekitaldi hainbat antolatu ditu eskolako komunitateak, gogoz eta ilusioz.
Datorren urtarrilaren 23rako antolatu dute lehen hitzordua. Leidor Antzokian aurkeztuko da 50. urteurreneko abestia eta honen bideoklipa. Bertan abestiaren egileak diren Nikotina, Juantxo Arakama eta Ayvee musikarien emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Gainera, dantza emanaldia, bertsolariak eta argazki erakusketa ere antolatu dituzte festa girotzeko. Saioaren gidaria Ander Malbadi izango da, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Atea 18:00etan irekiko da eta saioa 18:30ean hasiko da.
Apirilaren 27an izango da ospakizun handia. 15:30etik aurrera ekintza ugari antolatu dituzte herriko gune askotan. Esaterako, Trianguloan zirko tailerra eskainiko da; umeeentzako tailerrak izango dira Zerkausian; kaleak alaitzeko txaranga ibiliko da kalez kale eta baita DJ bat ere. Festa egunari amaiera emateko Nikotinaren kontzertua izango da Zerkausian, gonbidatu bereziekin.