“Jangela arduradunak saretzen” jardunaldia egingo dugu martxoaren 15ean

2024-02-27

Jangela arduradunak saretzen izeneko jardunaldia antolatu dugu HEIZE eta EHIGEk martxoaren 15ean EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Leioako kanpusean) 9:30etan hasita. Eskola-jangelak hobetzea lehentasunezko gaia da bi erakundeontzat eta horregatik, arlo honetan ere elkarlanean aritzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da.

Jangela-arduradunen zeregina, jangela-batzordean eman beharreko elkarlana eta ikasleriaren elikadura osasungarria izango dira, besteak beste, jardunaldi honen zutabe nagusiak.

Honetaz gain eta saretzearen beharra aldarrikatzen dugun honetan, aztergai izango ditugu honako gai hauek ere: ikastetxearen antolaketa, enpresek bete beharreko baldintzak, zerbitzuaren beraren kontrola, jantokia espazio pedagogiko gisa eta eskola-jangelan aritzen diren guztien formazioa.

Hona hemen prestatu dugun egitaraua:

  • 9:30-10:00. Jardunaldiaren aurkezpena.
  • 10:00-11:30. Esperientziak.
    • “Eskola-jangela eraldatzeko proposamen pedagogikoak” (Salburua LHI).
    • “Jangela-batzordeen ahalmen eraldatzailea indartzeko tresnak” (Lan-taldean parte hartu duten ikastetxeak).
    • “Jangela-zerbitzuaren kontrola egiteko tresnak” (Eneko Viñuela, Bidezko Elikadurako koordinatzailea).
  • 11:30-12:00. Kafea.
  • 12:00-13:30. Lan-taldeak.
  • 13:30-14:00. Itxiera.

Euskal Eskola Publikoak eremu honetan ere badu zer hobetu eta zu ere hobekuntza hau aurrera eramateko behar zaitugu. Jardunaldian parte hartzera gonbidatzen zaitugu!

Eman izena!

Deskargatu egitaraua PDF formatuan.