Orioko Zaragueta eskola publikoak “Balearen bidea” aurkezten du, herriaren historiari buruzko proiektua

2024-05-16

Orioko Zaragueta eskola publikoak atzo aurkeztu zuen “Balearen bidea”, ikasturtean zehar garatu den proiektua. Eskola-komunitateak asmatu eta diseinatu du herria erakusteko ibilbidea, Bizkaiko Golkoan harrapatutako azken balearen kontakizunarekin.

Ikasleek, irakasleek eta familiek Orioko historia lau kilometro eta zortzi eskalatan bildu dute, hamahiru hizkuntzatan entzun daitekeena.

“Oria ibaia inguratuz, Ortzaika auzoan hasi eta herria zeharkatuko duen ibilbidea proposatzen dizuegu, hondartzan amaitzeko. Bidean gure herriaren nortasuna definitzen duten leku, pertsona eta gizarte-eragile batzuk aurkituko dituzue”, esan dute Mireia Torres eta Nouan Elghailan aurkezpenean.

Irakasleak, familiak eta ikasleak arduratu dira testuak idatzi, itzuli eta grabatzeaz, eskolan dagoen aniztasuna dela eta.

Orioko herria hobeto ezagutzeko zortzi informazio-panel jarri dira herrian. Eskolako familien jatorrizko hizkuntza-aberastasuna aprobetxatuz, 13 hizkuntzatan egin daiteke bidea (euskaraz, gaztelaniaz, galizieraz, katalanez, errusieraz, ukraineraz, woloferaz, frantsesez, errumanieraz, ingelesez, portugesez, urduz eta arabieraz). Panelak euskaraz daude eta QR batek azalpenak beste hizkuntza batzuetan entzuteko aukera ematen du.