Emazu eskua, euskara buruan eta ibili munduan

2024-06-21

Emazu Eskua proiektuak mugaz-gaineko eskolen arteko trukaketak sustatzen ditu, Iparraldeko eta Hegoaldeko eskolak harremanetan jarriz. Helburu desberdinak ditu proiektuak, besteak beste euskararen erabilera sustatu, ikasle eta irakasleen artean harreman berriak sortu eta proiektu bat elkarrekin gauzatu.

Zurbaranbarriko (Bilbo) eta Ezpeletako (Lapurdi) eskolak otsailetik dabiltza “Emazu eskua” proiektuan murgilduta. Ipar eta Hego Euskal Herriko ikasleak hainbat trukaketa egin dituzte hilabete hauetan zehar: gutunak bidali, argazkiak, aurkezpen bideoak… euskara eta hezkuntza publikoa ardatz.

Elkartruke digitalaren ostean, euskara bihotzean, ekainaren 17an 2. eta 3. mailako ikasleak Zarautzera abiatu ziren, Ezpeletako eskola publikoko lagunak ezagutzera.

Bertan hainbat ekintza egin zituzten: izenak ezagutzeko dinamika batzuk, jolas gogokoenak… Ostean Marco Topo gymkhana egin zuten eta oparitxo txiki bat jaso zuten jolaseko pista guztiak lortzeagatik. Bazkal ostean hondartzara joan ziren, bertan bainatu ziren eta arearekin jolastu zuten.

“Egun zoragarria pasatu genuen eta noski, euskara praktikatu ere”.