Errenteriako “Familia Laguna” programan izena emateko epea zabalik

2024-10-18

Errenterian, Familia Laguna programa 2021-22 ikasturtean abiatu zen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Lehenengo ikasturtea Koldo Mitxelena Herri Ikastetxean egin zuen, ikastetxeko guraso elkarteak eskatuta, eta ondoren, programak hezkuntza-komunitateari eta udalerriko bizikidetzari egin ziezaiokeen ekarpena ikusita, Udalak udalerriko sei ikastetxeetara zabaltzearen aldeko apustua egin zuen.

Hiru ikasturte hauetan, udalerriko 100 familia baino gehiagok parte hartu dute programan. Horien artean, udalerrira eta eskoletara iritsi berri diren jatorri ezberdinetako familiak eta horiei akonpainamendua eskaintzeko prest azaldu diren tokiko familiak. Guztira, 21 jatorri inguru zenbatu dira.

Programa honen bidez sustatutako harremanek, iritsi berri diren familiak ongi etorriak eta kontuan hartuak sentiaraztea dute xede, baita haur eta helduei komunitate eta eskola egokitzapenean erraztasunak eskaintzea ere, bidean sortu daitezkeen zailtasun edota beharren aurrean akonpainamendua eskainiz (informazioa, tramiteak, saretzea, euskararen ezagutza…).

Aldi berean, sortzen diren familia-bikoteen bidez, auzo eta ikastetxeetako familien arteko elkar-ezagutza, saretzea eta kohesioa lantzen da, udalerri mailan kulturarteko bizikidetza eta arrazakeriaren aurkako pedagogia lantzeko helburuarekin.

Programa malgua da eta egunerokotasunean eta egunerokotasunetik eragiten saiatzen da. Familia bakoitzaren errutinara egokitzeko aukera ematen du, eta parte-hartzaileek beren harreman sozialen parte gisa bizi dute akonpainamendua.

Esan bezala, ikasturte honetako lehen topaketa azaroan izango da. Izen-ematea irekita egongo da urriaren amaiera arte, eta parte hartu edo informazio gehiago jaso nahi duen orok bere ikastetxeko idazkaritzaren bidez edo esteka honen bidez (https://www.ongietorrieskolara.org/boluntariotza-familia-laguna/) egin ahal izango du.