Tolosako Samaniego eskola aitzindaria izan zen Joxe Migel Barandiaran ikertzailearen lanean oinarritutako proiektu batean

2024-10-29

Joxe Migel Barandiaran ataundarrak egindako lana ezagutarazi eta zabaltzeko asmoz, Tolosako Samaniego eskola publikoan 10 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzendutako proiektu berri bat jarri da abian.

Euskal Herriko Unibertsitateko José Miguel de Barandiaran Fundazioak eta José Miguel Barandiaran Katedrak, proiektuaren bultzatzaileek, ataundar ikertzailearen bizitza eta ikerketa arkeologiko eta etnografikoak ezagutarazi eta zabaldu nahi dituzte Euskal Herriko haurren artean. Tolosako Samaniego ikastetxean hasi dira, 10 eta 12 urte bitarteko ikasleekin. Samaniego aitzindaria izango da, aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste ikastetxe batzuetan izango baita.

Samaniego eskolan egin den aurkezpenean izan dira Abel Ariznabarreta, José Miguel de Barandiaran Fundazioko zuzendaria, eta Joxean Mujika, José Miguel Barandiaran Katedrako zuzendaria.

Erik Arevalo Historian doktoreak zuzenduko du lehen saioa, eta hezurrak, harriak, liburuak eta bideoak bezalako materialak eta baliabideak erakutsiko dira. Elkarrizketa etnografiko bat egitea izango da ikasleek egingo duten lehen lana.

Proiektuak jarraipena eman nahi dio Barandiaranen lanari, Euskal Herriko arlo zientifikoan zein kulturalean.