Basauriko Guraso Eskolak “Pantailak eta mugikorrak: harreman osasuntsu baterako tresnak” hitzaldi arrakastatsua eskaini zuen

2025-04-07

Ia 70 lagunek parte hartu zuten joan den ostiralean, apirilaren 4an, BIGEk eta Basauriko Udaleko Hezkuntza Osasun eta Kontsumo Arloak Basauriko Guraso Eskola programaren barruan pantailei eta mugikorrei buruz antolatutako hitzaldian.

Sare sozialetako eta pantailetako aditua den Telmo Lazkanok eman zuen hitzaldia, Basauriko Ibaigane kultur etxean.

Saioa hiru  bloketan  banatuta egon zen:

Lehenengo blokean, sarearen bidezko jazarpen motak landu  ziren: ziberbullyinga, sextinga, sextorsioa, besteak beste.

Bigarren multzoan 20 aholku eta praktika erabilgarri eskaini ziren, hala nola : pasahitz seguruak sortzea, gailuetan kamera eta audio baimenak gainbegiratzea edo etxeko ruterra behar bezala konfiguratzea….

Hirugarren blokea hezkuntzan eta ohitura osasungarrietan oinarritu zen, familiei gakoak eskainiz, bai gure seme-alabek, bai guk geuk, pantaila eta gailu mugikorrekin harreman orekatua eta osasuntsua izan dezagun.

Hitzaldia oso parte-hartzailea izan zen, bertaratu ziren pertsonek kezkak eta zalantzak planteatu zituzten eta familientzat oso garrantzitsua zen gai baten inguruan hausnartu zuten. Bi ordu eta  erdi oso azkar igaro ziren.