Gure hezkuntza-sistemaren behar eta erronken gainean ipini beharreko atentzioa desbideratzen du Hezkuntza sailburuak

2017-02-20
Kezka sakona sortu digu Hezkuntza sailburuak asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean egin zuen agerraldiak.

PISA 2015 txostenak emandako datuek daukaten garrantziak eta gure gizartean izan duten eraginak, gure hezkuntza sistemaren analisi zorrotza eta zintzoa eskatzen dute.

  • PISA-ko aurreko edizioetako emaitzek erakusten zuten euskal hezkuntza sistemaren ahultasuna, eta errealitate kezkagarri hori areagotu egin da 2015ean. Zein neurri hartu ditu Hezkuntza sailak ahultasun horiei aurre egiteko? Honetaz gain, ezin dira hartu neurriak soilik Zientzietan, Matematiketan eta Irakurketan hobetzeko gainontzeko konpetentziak ahaztuz. PISA-ko ebaluaketak gainditzeko prestatu behar al ditugu ikasleak hezkuntza eredu integral bat ahaztuz (sozialak, afektiboak, emozionalak, eta abar)?
  • Aniztasunaren arreta da gure hezkuntza sistemak duen erronka handienetako bat. Azken urteetan osatzen ari den hezkuntza-sistema ez da inklusiboa eta halaxe salatu dugu hainbat aldiz. Segregazioak sistema osoari eragiten dio, ez soilik ikastetxe batzuei. Egoera honen aurrean hezkuntza arduradunek azaltzen duen pasibotasunak argi erakusten du irakasle eta hezkuntza-eragileekin dagoen sintonia eza. Arazo honi ez badiogu heltzen modu egokian eta behar diren baliabideekin, ez ditugu hobetuko emaitzak eta ikasleak banatzen jarraituko dugu. Orain arte hartutako neurriak (Hamaika esku, Ikasle etorkinak eskolaratzeko II. Plana, eta abar) ez dira nahiko.
  • Onartezina da atentzio-fokua irakasleriarengana desbideratzea. Irakasleria da gure seme-alabekin egunero lanean dagoena eta hobekien ezagutzen dituena sistemaren behar eta gabeziak. Formakuntza planak ez dute zerikusirik PISA–rekin, lehenagokoak dira, eta Hezkuntza sailari dagozkie.
  • Ezin dira aprobetxatu PISA 2015en emaitza txarrak Heziberriren garrantzia azpimarratzeko. Heziberrik ez du adostasun politikorik ezta hezkuntza arlokorik ere, eta esan dugu behin eta berriro ez diela erantzuten Euskal Eskola Publikoaren beharrei.
  • Hezkuntza-sistema hobetzeko oinarrizko eta ezinbesteko elementuak dira familiak, hala ere, euren parte hartzearen kontra arautzen da eta diru-laguntzen murrizketek ezinezko bihurtzen dute eguneroko lana. Ezinbestekoa da familiak hezkuntza sistemara gehitzeko politikak martxan jartzea eta diskurtso hutsak alde batera uztea.