Adunan egingo den Eskola Txikien Festaren logoa aurkeztu dute

2023-12-05

Eskola Txikien Festa 1997ko ekainaren 8an izan zen aurreko aldian Adunan. Oso festa berezia izan zen herri osoak hartu baitzuen parte festa horretan. Adunak hartuko du aurten ere Eskola Txikien Festa.

Aurten festarako logoa sortzeko lehiaketa antolatu dute. Parte-hartzaileak herritarrak izan dira, herritar batek herriarentzat sortutako logoa nahi izan dutelako. Helburua Adunaren izaera islatzea izan da eta lehiaketako parte-hartzaileak ez ezik, epaimahaikideak ere herritarrak izan dira.

Maite Oiartzun, Juan Kruz Igerabide, Xole, Ainhoa Arruti udal-ordezkaria eta Itsaso Noval Adunako eskolako zuzendaria ibili dira jasotako lanak epaitzen, eta Paule Cestau Sanchez suertatu zen garaile. Epaimahaikideen arabera, Cestauren logoa “Adunako esentzietako bat jasotzen du: sagarra. Linea garbiak dauzka. Bihotza irudikatzen du sagarrarekin. Elkartasuna, maitasuna adierazten du”.

Hilabeteak baino ez dira falta Adunako kaleak Gipuzkoa osoko herritarrei harrera egiteko prest jartzeko eta ilusioz eta gogotsu daude eskola-komunitateko kide guztiak: guraso, ikasle zein irakasleak. “Herritarrak ere emozio handiarekin sumatzen zaituztegu, azken finean denok osatzen baitugu Adunako eskola, eskola bera ez baita ezer herririk gabe, eta herriarentzat ere aberasgarria baita eskola, eskolak herritarrak sortzen laguntzen baitu, herria maitatzen, herria ezagutzen, laburbilduz, herria bizitzen eta herriari bizia ematen”, adierazi dute antolatzaileek.