Aia, Getaria, Orio eta Zarauzko eskola publikoek Are taldea sortu dute
2024-01-18
Are taldea ostiral eguerdian aurkeztu zuten Aiako Lardizabal, Getariako Iturzaeta, Orioko Zaragueta eta Zarauzko Lizardi eta Orokieta eskola publikoetako zuzendariek, hezkuntza komunitateko hainbat eragileren aurrean. Taldearen helburua ikastetxeen arteko lankidetzan eta koordinazioan sakontzea da, horrek dakartzan onurak azpimarratuz.
Getariako Iturzaeta eskola publikoko zuzendari Nagore Etxabek irakurri zuen taldeak egindako testua, eta gogorarazi zuen “ikastetxeen arteko lankidetza eta koordinazioa, ikasleen alde egiten dena” ez dela berria. “Urteak daramatzagu horretan, eta une honetan beste urrats bat eman nahi dugu Eskola Publikoa indartzeko eta gure lankidetza sendotzeko”.
Aurkezpenean taldearen ikur edo logoa ere agertu zen. “Lizardi izanik gure ibilbideek bat egiten duten puntua, lizarra marraztu dugu irudiaren erdian: lizarra lurra eta zerua lotzen dituen zuhaitza da, izarrentzako bidea. Jakoba Errekondoren hitzak dira eta guk geuk egiten ditugu”, esan dute.
Zuhaitza lau orriz osatuta dago, bakoitza kolore ezberdinekoa: berdea Aiarentzat, marroia Getariarentzat, urdina Zarautzentzat eta horia Oriorentzat.