Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro! taldea aurkeztu dute
2022-12-19
Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen euskal eskola publikoaren alde sortu den taldea kezkatuta dago etorkizun hurbilarekin. Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren jaitsiera da kezka iturrietako bat, eta bestea, Eusko Legebiltzarrean urte hasieran aurkeztu zen Hezkuntza Akordioaren zirriborroa. «Aurreakordioak egungo gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasun eta beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du», esan dute Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeko kideek. Zirriborroarekiko «desadostasuna» adierazi eta berau aldatzeko lan egingo duela iragarri du bailaran kalitatezko euskal eskola publikoaren alde lan egiteko sortu den taldeak.
Besteak beste, administrazio publikoek Aiztondo bailarako euskal eskola publikoa «erdigunean jarri eta lehenesteko» eskatuko dute eta bailarako herri eskolentzat baliabideak exijitu dituzte. Gizarte justuago eta inklusiboago bat lortzeko segregazioarekin amaitzea lehentasunezkoa izango dela esan dute taldetik: «Aiztondo bailaran hezkuntza sistema dualak, Euskal Eskola Publikoa eta Itunpeko Ikastetxe Pribatuen eskaintzak, eragiten duen segregazioari aurre egingo diogu eta gizarte kohesioa bermatzeko politika, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenen alde egingo dugu». Taldea osatzen duten kideen ustez, «eskola segregazioa da, desberdintasun sozialak legitimatzeko dagoen gizarteko mekanismo eraginkorrena».
Aiztondoko Euskal Eskola Publikoko Harro Taldea eta Haurreskolen ahalegina ikasleak eta familiak euskalduntzeko prozesuan ibarreko eskola publikoek egiten duten lana onartzera bideratuko dira. «Haur-eskola horien beharrezko baliabideak eskatzeko eta zerbitzua doakoa izan dadin eskatzeko lan egingo dugu», azaldu dute.
Aiztondoko udalerri guztiek dute Haur eta Lehen Hezkuntzako herri eskola: Amasa-Villabonako Fleming, Asteasuko Pello Errota, Zizurkilgo San Millan eta Pedro Maria Otaño eta Alkizako, Adunako, eta Larraulgo herri eskolak. Bailarako eskaintza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokiona, Erniobean institutuan osatzen da, 16 urtera arte.
Â