Aranbizkarra Ikas Komunitatea, segregaziotik inklusiora

2021-09-28

Jendarte inklusiboa lortzea helburu duen proiektua garatu dute Aranbizkarra ikastetxean. Euren ibilbideari eutsi diote zailtasunak aukera bihurtuz eta komunitate izatearen sentimendua areagotuz.

Segregaziotik inklusiorako bidea egiteko proiektu bat garatu dute Gasteizko Aranbizkarra auzoko ikastetxean. Haren helburua ez da auzo horretako ikastetxean inklusio proiektu arrakastatsu bat egotea, jendarte inklusiboa lortzea baizik.

Ikastetxearen testuinguruan maila ekonomiko apaleko familia atzerritarrak dira nagusi. Hala ere, aukera baliatu eta aniztasun horren barruan elkarrekin lan eginez ikasteko erronkari heldu zioten. Horrenbestez, proiektu integratzaile bat garatzen aritu dira azkeneko urte hauetan.

Egun ikastetxe publikoetan ematen ari den segregazioa ez da kontu makala. Horren aurrean Aranbizkarra Ikas Komunitateak Gasteiz mailako ikerketatxo bat burutu zuen eta ondorio argi bat atera zuten: Aranbizkarrako ikastetxea ez da inondik inora auzoaren ispilu, eta desoreka horrek segregazioa eragiten du, naturala ez dena, ez baita metaketa natural baten ondorio.

Edozein modutan euren ibilbideari eutsi diote zailtasunak aukera bihurtuz. Ikas komunitateak elkarrizketaren gainean eraikitako metodologia eta estrategiak garatzen ditu: tertuliak, taldeko elkarreragileak… Jarduera horietan helduek eta boluntarioek ere parte hartzen dute, eta familiak ere eskola barruan parte hartzea nahi dute; esate baterako, matematika egiten ari direla, aita eta ama ere joatea umeek egiten duten lana dinamizatzeko; izan ere, familiak bertan egotea egokia dela uste dute, ikasleen erreferentzia direlako.

Gainera horrek guztiak komunitate horretakoa izatearen sentimendua areagotzen du, baita espektatibak handitzen ere. Eta emaitzei erreparatuta ikaste prozesu arrakastatsua bermatzen da bizikidetza giroan.

Irudia: Gara egunkaria