Aretxabaletako Kurtzebarri BHIk zilarrezko ezteiak ospatzen ditu
2021-09-21
Jarduera-programa, guztiz itxi gabe ere, joan den asteburuan hasi zen ikasleei plazan ateratako argazki erraldoi batekin. Ikasturtean zehar lehiaketak (Tik-Tok), mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, kontzertuak, emanaldiak, mendi-irteerak eta abar burutuko dira.
Kurtzebarri BHIk 1996 urtetik darama  Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako gazteei kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzen. 1996-1997 ikasturtean hezkuntza-sistema berregituratzeko legeari erantzunez, Derrigorrezko Hezkuntza 16 urtera arte luzatu zen, eta, beraz, beste eskola-mapa bat landu egin zen. Egoera horretan sortu zen Kurtzebarri BHI, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaletako 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei laguntzeko. Horrela, ikasle guztientzat hezkuntza publikoa ziurtatu zen.
Lehenengo kokalekua Kurtzebarri Eskolako eraikinean bertan izan zen, zerbitzu gehienak bi etapen artean partekatuz. Irakasleek, gurasoek eta ikasleek erakutsitako konpromisoari eta ilusioari esker, etapa berri bat abian jartzeak zekarren erronka onartu zuten. Berehala ohartu ziren leku falta zela ikastetxearen premiazko arazoa. Lankidetza-bide luze baten ondoren, 2003an ikastetxe berri bat eraiki zen Herriko Plazan. Ikasturte bakoitzean ikasle kopuruak gora egin du: 1996-1997, 77 ikasle; 2000-2001, 185; 2004-2005, 134; 2008-2009 163; 2012-2013, 209; 2016/2017, 278 eta 2021-2022, 279.
Hiru dira Kurtzebarri BHIren oinarri nagusiak: aniztasunarekiko arreta bermatzea, bizikidetza positiboaren sustapena eta Hauspoa proiektua.