Atxondoko eskolak hamaiketako osasungarrien aldeko apustua sendotu du
2025-03-26
Atxondoko eskolan hamaiketako osasungarriak 2023tik daude martxan, baina aurten proiektua sendotzea lortu da. IGEak, eskolak eta Udalak hitzarmen bat sinatu dute eskolako haurren artean elikadura ohitura osasungarriak sustatzen jarraitzeko.
Programak tokiko eta denboraldiaren arabera landutako produktuak erabiltzea proposatzen du, karbono aztarna murriztuz eta eskualdeko ekoizleak lagunduz. Hamaiketakoak elikadura osasuntsua sustatzen du eta hondakinak murrizten dituzte, kontsumo arduratsuaren inguruko heziketa eskainiz.
Ikasle guztiek parte hartzen dute elikadura-proposamen berean, elikadura ekitatiboa dela ziurtatuz eta janari partekatuaren bidez integrazioa sustatuz. Jolas orduan, ikasturte osoan zehar, haurrek elikagai agroekologikoak jaten dituzte: astelehenetan, Belaze baserriko jogurta jaten dute; astearte eta ostegunetan, Patxikobaso baserriko ogi agroekologikoa; eta asteazken eta ostiraletan, Elorrioko Anbotopeko dendako fruta agroekologikoa.
Bertako sukaldearen inaugurazioak hamaiketakoen proiektua indartzen du. Aurrerapen hori eskola-komunitatearen eta tokiko agintarien ahalegin bateratuari esker egin ahal izan da, landa-eremuetan kalitatezko hezkuntza publikoarekiko konpromisoa sendotuz.