“Bagoan”, euskararen erabileraz jabetzeko tailerra, Aita Iparragirre Eskolan

2022-05-16

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Idiazabalgo Udalak eta Aita Iparragirre herri eskolak LH6ko ikasleentzat elkarlanean antolatutako saioa izan da. Gazteek euskararen inguruko kontzientzia hartzea du helburu.

Idiazabalgo Aita Iparragirre Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ‘Bagoaz’ tailerra egin dute, euskararen inguruan kontzientzia hartzea helburu. LH6 amaitzean, DBH eta Batxilergoa egitera Beasainera edo Lazkaora joaten dira Idiazabalgo ikasleak, eta udalak ohar bidez azaldu duenez, arnasgune bateko errealitatetik euskalduna ez den beste batera egiten dute salto: “Oso garrantzitsua da ikasleekin zuzenean egon eta hurrengo ikasturtean hizkuntza ohituretan aurkitu ditzaketen aldaketen inguruan hausnartzea, inguru erdaldunago batera joatean beraiek izan dezaketen paper garrantzitsuaz ohartzeko”.

UEMAko teknikari baten gidaritzapean solasean eta jolasean aritu dira gazteak. Ateratako ondorioen arabera, ikasgelan euskarak du presentzia handiena, ia ikasle guztiek hitz egiten baitute euskaraz. Etxean ere euskararen erabilera oso altua da. Kalean, ordea, gaztelaniara asko jotzen dute. “Ikus-entzunezkoen kontsumoarekin ere berdin gertatzen da, gaztelaniara jotzen dute euskarazko eskaintza urria delako. Musika, nahasian entzuten dute, horrela gustatzen zaielako”. Hurrengo urtean kanpora ikastera joan eta aurkitu dezaketen egoeraren aurrean jarri dira ikasleak tailerrean. “Beraiek euskaraz egin eta trukean gaztelania entzuten badute, beraien papera babesteko eta parean dutena euskaraz aritzera animatzeko trebatzen aritu dira”.