Bertan behera utzi dituzte Hezkuntza Sailak eta Serunionek eskola jantokien kontratuak

2024-02-01

Serunion jatetxe-enpresak otsailaren 5ean utziko dio ikastetxe publikoetako ikasleak elikatzeari; izan ere, Hezkuntza Sailak eta enpresak erabaki dute irailetik jantoki-zerbitzua ematen ari zen kontratua bertan behera uztea. Enpresak irailetik 17 ikastetxetan eskaintzen zuen jantoki-zerbitzua: hiru Gipuzkoan, hiru Bilbon eta 11 Araban.

Erabaki hori hainbat ikastetxek lehen hiruhileko honetan salatu duten menuen kalitateari buruzko kexa ugarien emaitza da.

2023-2024 ikasturtearen hasieran kontratu berriak indarrean jarri zirenetik, federaziook material batzuk prestatu ditugu ikastetxeei jantoki-zerbitzuaren jarraipena egiten laguntzeko, eta bi jarduera jarri ditugu abian: kexen bilketa zentralizatua eta kontratu berrien jarraipena egiteko lantaldea.

Hezkuntza Sailak egin behar duen kontrol- eta ikuskapen-lanaz gain, ikastetxeok Jantokiko Batzordea bezalako organo garrantzitsu bat dugu, zerbitzua behar bezala garatzen dela bermatzeko eta Administrazioari ikasleentzat eta familientzat hain beharrezkoa den zerbitzu batek behar dituen hobekuntzak eta aldaketak helarazteko.

Era berean, ikastetxeak beren zentroetan sukaldeak eraikitzea eskatzera animatzen jarraitzen dugu, menuak elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egitea errazten duen tresna baita, beste abantaila askoren artean.

Horretaz gain, kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua ahalbidetuko duen arau-esparru bat sortzeko beharra azpimarratzen jarraitzen dugu, Eusko Legebiltzarrak 2019an aho batez eskatu zuen bezala. Izan ere, egungo eredu zentralizatua zaharkituta geratu da, eta gero eta ikastetxe gehiagok eskatzen dute kudeaketa-eredu deszentralizatu bat garatu ahal izatea, non eskola-elikadura erabakitzeko ahalmena ez baitagokio kanpoko enpresa bati, baizik eta eskola-komunitatearen beraren borondateari.

Ikasturtean zehar, gure seme-alabentzako elikadura osasuntsua eta iraunkorra lortzera bideratutako jarduerak egiten jarraituko dugu.

+ info: https://www.ehige.eus/eu/eskola-jantokiak/