Bete ditzagun gure ikastetxeak “Publikoa da bidea” banderolekin
2023-11-03
Bizi dugun uneak agerian utzi du inoiz baino garrantzitsuagoa dela arlo publikoa babestea eta aldarrikatzea eta Euskal Eskola Publikoko kide izatearen sentimendua sustatzea. Horregatik, “Publikoa da bidea” kanpaina elikatzen jarraitzen dugu, oraingo honetan gure online dendan eros ditzakezuen banderolekin. Zuen eskola eta institutu publikoetako leku ikusgarri batean jartzera animatzen zaituztegu (eta sare sozialetara igotzea gu etiketatuz).
Nahiz eta interes politikoak kontrako norabidean joan eta hezkuntza-sistema publikoa indartzeari uko eginez eredu pribatua blindatzearen aldeko apustua egin, Euskal Eskola Publikoa inoiz baino indartsuago dago, eta bere balioak eta printzipioak defendatzeko prest dagoen hezkuntza-komunitatea du.
Eskola publikoa eskolatze-premia dagoen tokian egon da, dago eta egongo da (hiriak, eskualdeak, herriak, auzoak), pertsona guztiei hezkuntza-arreta onena bermatuz.
Eskola publikoa da euskararen normalizazio prozesuari ekarpenik handiena egin dion sarea, euskara ama hizkuntza ez duten familiei gure hizkuntzaren aberastasuna eskainiz.
Eskola publikoak ekarpen garrantzitsua egin dio kultura desberdinen bizikidetzarako eta desberdintasunekiko errespeturako hezkuntzari.
Eskola publikoa bere inguruneari lotuta dago eta hezkuntza komunitatearen parte-hartze demokratikoa sustatzen du.
Interes partikularrak defendatzeko arlo publikoaren esanahia aldatzeko ihesbide politikoen aurrean, sarea eraikitzen jarraitzen dugu. Publikoa da bidea.